Azkar esaten baldin bada ere, 40 urte daramatzate kantuan Xemein Abesbatzeko kideek. Urteurren berezia ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte, baina horietako bereziena gaur egingo dute.
Markina-Xemeingo Karmen jaien atarian,
gaur [uztailak 8], 22:30etik aurrera, IV. Xemeingo Gauagaz gozatzeko aukera izan dute musikazale amorratuenek Zelaian. «Ikuskizuna Zelaian egin ahal izateak sekulako ilusioa egiten digu. Gainera, akustika ona dago», azaldu du Jose Antonio Martinez abesbatzeko presidenteak.
Urtero gai nagusi bat hartu ohi du jaialdiak, eta aurten, zinemaldia irudikatuko dute. Xemein Abesbatzekoek, hain zuzen ere, aurreko urteetako ikuskizunek izan duten arrakasta kontuan hartuta,
1.500 eserleku izango dituen zinema areto erraldoi bihurtu nahi dute Zelaia. Horretarako, zinemaldiak dakarren glamour eta distiraz beteko dituzte zelai inguruak. Hori horrela izateko, xehetasunik txikienak ere kontuan izan dituzte. Agertokiaren hegal bietan pantaila erraldoi bana ipiniko dute, eta tokia girotzeko argiteria berezia ere erabiliko dute. Edozein zinematan gertatzen den modura, aretozainak ere ez dira faltako ikuskizunaren hasieran.
IV. Xemeingo Gaua ikuskizunean landutako errepertorioa eskainiko dutela azaldu dute. Parte hartzaileak gogotsu eta ilusioz beteta daude
14 metroko zabalera eta 16 metro luzera dituen agertokian bederatzi talde batuko dira; guztira,
160 bat pertsona. Honako zortzi taldeak plazaratuko dira Xemein Abesbatzagaz batera: Xemein Gazte ahots abesbatza, Abarka antzerki taldea, Zerutxu dantza taldea, Markina-Xemeingo bertso eskola, Mutrikuko musika banda, Zeanuriko abesbatza, Mikel Ansola pianojolea eta Senegaleko djembe joleak. Talde horiek guztiek bat eginda, musika, dantza, bertsolaritza, zinema, antzerkia eta bertsoak uztartuko dituzte bi ordu inguru iraungo duen ikuskizunean.
Errepertorio landua. Xemein Abesbatzeko kideak orain urtebete inguru hasi ziren IV. Xemeingo Gaua prestatzen, eta nabarmendu dutenez, «40. urteurrena ospatze aldera, errepertorio landua» prestatu dute. Gaur [uztailak 8] gaueko hitzordura begira, gogotsu eta ilusioz beteta daude, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.
Xemeingo Gaua, 2012. urtean.
Aurreratu ahal izan dutenez, gaua «ezustekoz beteta» etorriko da. Ekitaldia Jose Luis Lauzirika Xemein Abesbatzeko lehen zuzendariaren omenez egindako dokumental motz bategaz hasiko dute, eta ostean, hainbat filmetako soinu banden kantak abestuko dituzte. «Gazte abesbatzakoek irtengo dute lehenengo agertokira, eta horiek
Aladdin filmeko kanta abestuko dute. Ostean,
The lion king eta
The pink panther abestuko dituzte gazteenek gugaz batera».
Hiru kanta horiek interpretatu ostean, beste hainbat pieza abestuko dituzte Xemein Abesbatzeko nagusiek, Mikel Ansola pianojoleak lagunduta. Besteak beste:
Titanic, Mamma mia!, Forrest Gump, Singing in the rain eta Il buono, il brutto, il cattivo.
Jaialdiak ez du
etenik izango, eta abesbatzeko kideak jantziz aldatzen diren bitartean, Mutrikuko bandak 1492: The Conquest of Paradise intepretatuko du, Markina-Xemeingo bertso eskolakoak bertsotan ariko dira, eta Zerutxukoek dantzaren bat edo beste eskainiko dute. Tartean, gainera, Abarbakoek prestaturiko esketxen bat edo beste ere ez da faltako.
Xemein Abesbatzekoek urtero hutsik egiten ez duten beste hitzordu bat edukiko dute jaietan: Karmen Eguneko meza
Ikuskizunaren bigarren zatian, ostera, euskal folklorea nagusi izango da oholtza gainean. Jesus Guridiren Eusko irudiak eta Kantaldia interpretatuko dituzte,
Zeanuriko abesbatzagaz, Mutrikuko bandagaz eta Zerutxu dantza taldeagaz batera. «Guridiren kantetan ahots asko behar dira, eta gu 40 bat garenez, motz geratzen ginen. Hori dela eta, Zeanuriko beste 20 bat kide gehiagogaz batera abestuko dugu».
III. Xemeingo Gaua, 2014an.
Xemeingo Gauagaz gain, Xemein Abesbatzekoek urtero hutsik egiten ez duten beste hitzordu bat edukiko dute jaietan. Abesbatza 1976an sortu zenetik, Karmen Eguneko mezan abestu dute urte bat bera ere hutsik egin barik. Datorren astean, besteak beste, Hilarion Eslavaren meza, Aita Gurea edo Panis Angelicus abestuko dituzte. Eta ohi modura, Karmengo Ama kantagaz amaituko dute elizkuna.
Beste horrenbeste. Taldea osatzen duten abesbatzako 45 bat kideek «familia handi bat» osatzen dute, baina euren zereginagaz luzaroan jarraitu ahal izateko ahots berriak behar dituztela nabarmendu dute.
Kantuzale gehiagori abestuz gozatzeko aukera eman nahi diete, eta, hala, euren taldera hurbiltzeko gonbitea luzatu diete herritarrei. «Ez dago zertan partitura bat irakurtzen jakin beharrik, edonor izan daiteke kantari. Sekulako giroa izaten dugu, eta gure entseguetako ateak irekita ditugu nahi duenarentzat».
Entseguak astelehen eta eguen iluntzetan egiten dituzte; neguan, Kontzejupeko areto nagusian batzen dira, eta, udan, Xemeingo parrokian.
[IKUS MARKINA-XEMEINGO JAIETAKO EGITARAUA]