Irudia, logoa, kanta eta koreografia estreinatuko ditu txosnaguneak, eta Ma eta Xe pertsonaiak izango dira bozeramaileak. Elkarlana eta parte hartzea nabarmendu dituzte Maite Bengoa eta Jon Arriaga txosna batzordeko kideek.
Herritarrek zer aurkituko dute txosnagunean?
Jon Arriaga: Lehenago gauez egiten ziren ekintza gehienak, eta orain, ahalegin berezia egiten da egunez ere ekintzak egiteko. Gainera, publiko anitzarentzako egitarau zabala lotzeko ahalegina egin da, herritar denengana heltzea lortu nahi dugulako. Denek eduki dezaten gozatzeko aukera. Gure baloreetako bat parte hartzea izanda, ekintza denak parte hartzaileak izan daitezen saiatzen gara.
Maite Bengoa: Bereziki uztailaren 14a landu dugu, txosnen eguna. Egun horretan txosnetako afaria egongo da, urtez urte indarra hartzen doana. Txartelak salgai daude Buztarri eta Patxua tabernetan, eta azken urteetan denak agortu direnez, bizkor ibili beharko du afaldu nahi duenak! Gainera, afalostean Anarik kontzertua emango du.
Maite Bengoa eta Jon Arriaga Markina-Xemeingo txosna batzordeko kideak
Ba al dago berrikuntzarik?
J.A: Logotipoa eta irudia dira berrikuntzak. Logotipo bateratua egin dugu aurten: zazpi taldeok batzen gaituen logoa da. Musika eta aldarrikapena batzen dira, eta marrekin hedapena adierazten da. Oinarria herrian dago, eta musika eta aldarrikapenagaz herrira zabaltzen da.
M.B: Halaber, aurten sortu ditugu Ma eta Xe pertsonaiak, txosnetako bozeramaileak. Birziklatutako materialagaz daude eginda, eta txosnagunean batzen garen guztion ahotsa izango dira. Kanta eta koreografia ere egongo dira, eta aurretik zabalduko dira, guztiok ikas ditzagun.
Txosnagunea iazko bera al da?
M.B: Iaz lehenengoz jarri genuen karpa handia txosnagunean. Oso ondo baloratu zen, eta aurten horregatik errepikatuko dugu. Karpa horretan talde denak batuta barra bakarra ipintzen da, bai eta oholtza txiki bat ere. Horregaz batera, afaltzeko jantokiko karpa jartzen da janariaren txosnaren alboan. Egitura horrekin txosnek gune izaera hartzen dute, batasun izaera.
Eraso sexisten inguruko kanpainagaz jarraituko al duzue?
J.A: Urte batzuk badaroaguz eraso sexisten inguruko protokoloa lantzen. Gero eta hobeto ari gara: kanpora begira kanpaina eginez, baina barrura begira ere lanketa eginda. Txanda egingo duten denei azaltzen zaie nola jokatu eraso baten aurrean.
M.B: Txosnagunea askea da; bakoitza librea da. Ondorioz, argi dago ez dela ezelako eraso sexista, homofobo, lesbofobo zein transfoborik onartuko.
Zein da txosnen filosofia?
J.A: Txosnagunea ez da tragoak hartzeko lekua bakarrik, atzean filosofia oso bat dago. Oso kontziente gara jaiak herri baten karikatura direla: hor gertatzen dena da urte osoan herrian egongo dena, herria nolakoa den adierazten du, eta eguneroko errealitatearen isla da.
M.B: Txosnagunea autogestioan oinarritzen da; herritik sortzen dena herriarentzat sortzen da. Hor dago gakoa beste dena ulertzeko. Bertoko produktuen aldeko apustua egiten da, ekologia ere zaintzen da, eta euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten dugu. Hori islatzen da egitarauan zein txosnaguneko musikan. Feminismoa ere gure oinarria da, bai lan egiteko ereduan, bai egitarauan, baita txosna guneko jarreretan ere.
Halaber, beste oinarrietako bat herriko taldeen elkarlana da.
J.A: Txosna batzordea indartuz doa; gaur egun herriko zazpi talde gaude, eta adostutako arau batzuei jarraituta dihardugu. Bakoitzak beretik emanda, talde sendoa osatzen dugu. Irailean batu ginen iazko jaiak baloratu eta aurtengoak prestatzen hasteko. Urtea luze joan arren, merezi izan du jai biribilak ateratzeko.
Era berean, herritarren parte hartzea bultzatzen duzue.
M.B: Txosnak herritarrenak dira, eta, beraz, herritarrentzat da bertatik sortzen dena. Lan egiten zein ekintzetara etorrita parte hartzen da. Hortik sortzen da herriaren oinarria, eta horretan sinisten dugu. Horregatik, ekintzak ahalik eta parte hartzaileenak egiten ahalegintzen gara.
[IKUS MARKINA-XEMEINGO JAIETAKO EGITARAUA]