Espainiako eta Frantziako espetxeetan larriki gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzeko manifestazio nazionala egingo da irailaren 24an, Donostian.
Sare herritarrak deitutako mobilizazioak 17:00etan irtengo du Bulebarretik.
Mobilizazio horren proposamena zapatuan [uztailak 9] egin zuten Gasteizen, Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren eskubideen alde eginiko manifestazioaren ostean.
Sarek gogoratu duenez, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten arren, hamar pertsonak jarraitzen dute preso, horien artean, Ibon Iparragirre Burgoa preso ondarrutarrak. “Larriki gaixorik dauden presoen osasun egoera larria da. Dagozkien eskubideak errespetatu eta askatzea eskatzen dugu”.
Sareren arabera, gainera, jendartearen aktibazioa ezinbestekoa da, “horrenbeste sufrimenduri” amaiera emateko. “Norbanako bakoitzaren aktibazioa ezinbestekoa da konponbide prozesuan pausoak eman ahal izateko, eta guri dagokigu presio sozial hori eragitea”.
[Testua:
Berria]