Aritz Erkiagak Doubles Frontcourt Champion saria jaso du
Ispasterko puntista bikain ari da Miamin, denboraldi honetan oso emaitza onak lortu ditu aurrelariak.
Hain zuzen ere, denboraldi honetan Miamiko aurrelari onena izan delako jaso du aipatu saria.
22 kiniela irabazi ditu Binakako Txapelketan. Atzetik Luis Osa Goikoetxea zumaiarra sailkatu da, 15 garaipen lortuta, eta hirugarrena Leon Shepard Tevin aurrelari estatubatuar bikaina izan da (14 kiniela irabazi ditu binakakoan).
Most Wins deritzon sailkapen orokorrean, Erkiagak bosgarren lekuan amaitu du denboraldia, guztira 135 garaipen lortuta.
Txapelduna Eric Irastorza lapurtarra izan da 205 kinielarekin. Jabi Salaberria markinarra hirugarren izan da (144 kinielagaz) eta Alberto Mandiola Areitio laugarren, 140 garaipenekin.
Most Winsean denboraldi osoko kinielak zein pelotari guztiak hartzen dituzte kontuan. Zehatz esateko, Goiko mailan jokatzen dutenak eta Miamiko beheko mailako kinielak jokatzen dituzten puntistak batzen ditu.
Gainera, Irastorza atzelari handiak bere ibilbide profesionaleko lehenengo Hiruko Koroa lortu du, Most Winsean, Banakako Txapelketan eta Atzelarien artean nagusitu delako.