Taldeak
hilabete inguru daramatza beharrean, eta aurrera begira jende gehiago batzea nahi dute. Taldea osatzeko hasiera puntua Etxelilan emandako hitzaldi baten ostean sortu zen. Idomeniko errefuxiatuen kanpalekuan beharrean egondako Oihana Goikoetxeak emandako hitzaldiaren osteko mahainguruan, hain zuzen.
Mahaingurura hurreratu ziren herritarrek indarrak batu eta zerbait egiten hasi beharko lirateekeela adostu zuten. “Hitzaldira joan ginenetako askok kezka berbera genuen, eta gure bostean ari ginen gauzak egiten. Kezka berbera genuen gehiago zeudela jakinda, batzea erabaki genuen”, adierazi dute.
Taldea, momentuz, dozena bat kidek osatzen dute, eta horiek
eguaztenero batzen dira Etxelilako lehen solairuan, 19:00ak bueltan. Azpimarratu dutenez, taldeko ateak irekita dituzte, eta taldera batu nahi duenak batzar batera agertzea nahikoa izango du.

Taldeko hainbat kide Etxelila kanpoan
Taldea sortu berria bada ere, bidea egiten hasiak dira. Herrian
sentsibilizazio kanpaina bat nahi dute martxan ipini, eta horri forma eman nahian dabiltza. Proiektua aurrera eramateko orduan, gainera, Ondarroako Udaleko Aniztasun eta Berdintasun batzordeak izango dituzte bidelagun.
Epe motzera begira, jaietan zerbait egiteko asmoa agertu dute. “Jaietan ekintza zehatz batzuk egin nahi ditugu sentsibilizazio kanpainagaz lotuta. Eta ikasturtea hasten denean, ekintza gehiago egitea da gure asmoa. Errefuxiatuek zer errealidade bizi duten ezagutzera eman nahi diogu jendarteari. Jendeari Europara sartzeko mugak itxi dizkiete eta hor utzi dituzte. Larrialdi egoera batean daude, eta gutxienez, egoera horri erantzun bat emateko exijitu behar diegu erakundeei”.
Aurrera begira, gainera, bide berean lanean ari diren beste talde batzuekin kontaktuan jarri eta
sare bat sortzea dute helburu. “Horrek azkenean indar gehiago eman eta baliabide gehiago eskainiko dizkigu. Sare horren bidez, esaterako, laguntza kanpainetan parte hartu ahal izango genuke”.