Lea Ibilbideko martxan izena emateko azken eguna astelehena da
Hilaren 23an egingo dute Lea Ibilbideko VI. martxa. Izena emateko helbide elektroniko honetara idatzi behar da: leakomartxa@hotmail.com. Partaideen izen-abizenak, herria, ume edo nagusiak diren eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten zehaztu behar dira mezuan.
Hain zuzen ere, aldez aurretik izena ematen dutenek bakarrik izango dute kopaua martxa amaitzean. 12:00etatik aurrera emango dute kopaua, Munitibarko Bengola parkean.
Halaber, aldez aurretik izena ematen dutenen artean otordu bat zozkatuko dute. Zehatz esateko, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 eurotako jatordua zozkatuko dute, 13:00etan.
Urtero moduan, Lea Ibilbidean zehar burutuko dute ibilaldia. Ibilbide luzea 20,5 kilometrokoa da, eta lau ordu inguruan egiten da. Ibilbide laburrak, ostera, 7 kilometro ditu eta ordu bete eta erdian egitekoa da, beraz, hori da familian doazenentzat egokiena.
20,5 kilometroko martxa egingo dutenak, 08:15ean irtengo dira Mendexako muturretik, Marierrota paretik. Jarraian, Amorotoko Oleta auzora pasatu, eta handik Gizaburuagako Bengoleara helduko dira. Gero, Aulestiko Errekondo parketik pasatu, eta Munitibarko Bengola parkean amaituko dute ibilaldia.
Bestalde, ibilbide laburreko partaideak 10:30ean batuko dira Aulestiko Errekondo parkean, eta handik Munitibarko Bengola parkera arteko tartea egingo dute.
Bi hornidura leku. Martxan bi hornidura puntu jarriko dituzte antolatzaileek. Bata, Gizaburuagako Errotazar lasaigunean egongo da, eta bestea, Aulestiko parkean.
Antolatzaileek kantinplorak edo botilak eroatea gomendatu dute, ibilbidean zehar iturriak topatuko dituztelako.
Martxaren inguruko informazio gehiago, edota zalantzak argitzeko Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren telefono zenbaki honetara deitu ahal da: 946 844 423.