Iragarrita zegoen modura, 18:30ean ailegatu dira Sotxin (Errusia) jokatu diren World Choir Games-etan Gernika-Lumoko Gaudeamus Koralagaz batera urre olinpikoa lortu duten Ondarroako Unanue Kamara Koraleko (UKK) 13 kideak.
Bost turrunek iragarri dute abesbatzekoen etorrera, eta ordurako, Zubi Zaharra eta inguruak jendez beteta zeuden txapeldunei ongietorri beroa emateko prest. Estibalitz Arrizabalaga taldeko zuzendaria –olinpiadetan lortutako urrezko domina soinean zuela– buruan, Zubi Zaharrean batutako jendetzaren artetik pozik igaro dira txalo zaparrada eta besarkada beroen artean.
Iñaki Lersundi kultura zinegotziak egin die harrera Kalekurutzeko eskaileretan. Lersundik Munduko Abesbatzen Olinpiadetan lortutako lorpena gogoratu nahi izan du. “Hiru kategorietan parte hartu duzue, eta polifonian urre olinpikoa, folkore a capella-n urrezko domina eta folklore eszenikoan zilarra lortu dituzue. Gure aldetik eta herriaren aldetik, eskerrik asko”.
Arrizabalaga alkateak emandako oroigarria bere taldekideei erakusten
Berba horien ostean, lore sorta bana banatu diete abesbatzako kideei. Horrez gainera, Zunbeltz Bedialauneta herriko alkateak oroigarria eman dio Estibalitz Arrizabalaga zuzendariari, “momentua gogorarazteko”.
Bertsoak ere ez dira falta ongietorrian. Bertsutan bertso eskolako Iñaki Lersundik eta Botx-ek bertso banagaz zoriondu nahi izan dituzte. Botx-ek, esate baterako, UKK-koek lortutakoa “ez dela balentria makala”, nabarmendu du.
Kultura zinegotziak hala eskatuta, UKK-ko zuzendariak herritarren esker ona goraipatu nahi izan du, erabat hunkituta eta malkoei ezin eutsirik. Errusian bizi izandako esperientziaren berri eman du, eta esan duenez, polifonia kategorian kantatzen ari ziren momentua “magikoa” izan zen. “Berbekin azaltzeko, oso gaitza”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.