220 triatletek parte hartuko dute Mutrikuko proban
Iaztik nabarmen igo da parte hartzaileen kopurua. 220 triatletek eman dute izena proban. 15:30ean hasiko da norgehiagoka, Mutrikuko itsas igerilekuaren pareanTalaixa triatloi taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Esprint triatloia jokatuko da bihar. Antol...
Iaztik nabarmen igo da parte hartzaileen kopurua. 220 triatletek eman dute izena proban. 15:30ean hasiko da norgehiagoka, Mutrikuko itsas igerilekuaren parean
Talaixa triatloi taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Esprint triatloia jokatuko da bihar. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, iaztik nabarmen igo da parte hartzaile kopurua. Zehatz esateko, 220 triatletek eman dute izena proban, eta datu hori oso pozgarria dela azpimarratu dute.Proba 15:30ean hasiko da Mutrikuko itsas igerilekuaren parean. Uretara dzanga egiten lehenengoak emakumeak izango dira, eta gizonezkoen txanda 10 minutu beranduago izango da.
Esprint distantziako probari dagokionez, lehenik eta behin, portuko uretan 750 metro egin beharko dituzte igeri. Ondoren, bizikletak hartu, eta 18,6 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Kostaldeko bidetik Debararantz joango dira, eta handik Astigarrabia aldera. Behin Astigarrabiara heldutakoan, Galbaixo igo eta jaitsi beharko dute parte hartzaileek, portura ailegatu aurretik.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Galbaixoko igoerak eta jaitsierak garrantzia handia izan dezake proba irabazterako orduan. «Galbaixoko igoerara indartsu ailegatzen denak postu batzuk aurrera egiteko aukera handiak izan ditzake».
Azkenik, moila eta inguruetatik 5 kilometro korrika egin beharko dituzte parte hartzaileek, helmugaratu aurretik.
Umeentzako probak
Arratsaldeko triatloiaz gain, gaztetxoek ere kirola hurbilagotik ezagutzeko aukera izango dute goizean. 11:00etan, umeen duatloia egingo da hondartza gaineko zelaigunean. Bi kategoriatan banatuta egingo da proba. LH2-3 eta 4koek 150 metro korrika, kilometro bat bizikletan eta beste 150 metro korrika egin beharko dituzte. LH5 eta 6koek distantzia bikoitza egin beharko dute.