Inhar Urruzuno harri jasotzaile ondarrutarrak bigarrenez irabazi du Euskadiko Harri Txikien Txapelketa. Urruzunok nabarmendu duenez, atzo [uztailak 16] Alegiako Larraitz auzoko plazan jokatutako
txapelketa oso gogorra izan zen, eta bera laguntzen izan zituenen laguntza eskertu nahi izan du. “Txapel hau, neurri handi batean, Zelaiek erlojuagaz eta Joseba Ostolazak harriak ipintzen egindako lanari esker ere izan da posible. Talde lan ona egin genuen guztion artean”.
Hain zuzen ere, ondarrutarrak Aimar Irigoien iazko txapeldunari
jasoaldi bakarreko aldeagatik irabazi zion. Guztira, 104 jasoaldi egin zituen Urruzunok, 103 Aimar Irigoienek, 94 Hodei Iruretagoineak eta 87 Iñigo Izagirrek. Hala, 12.100 kilo altxatu zituen ondarrutarrak, Errezilgoak baino 62,5 gehiago, eta iazko txapelketako arantza kentzeko aukera izan zuen. “Txapelketara ez nintzen txapela lortzeko asmoagaz joan, baina nire burua aukerekin ikusten nuen. Iaz gutxigatik ez nuen txapela berriro lortzeko aukerarik izan, eta aurten, hobeto prestatuta, lehiari ekiteko gogotsu joan nintzen”.
Inhar Urrzuno 125 kiloko harria jasotzen. Argazkia: Irati Saizar / Tolosaldeko Ataria
Probari dagokionez, lau izan ziren bertan partu hartu zutenak, eta zozketa bidez erabaki zen bakoitzak noiz egin beharko zituen lanak. Lanak egiten lehenengoa Iñigo Eizagirre izan zen, eta harek atzetik egin zituen lanak Aimar Irigoienek. Inhar Urruzunok hirugarren jokatu zuen proba eta Hodei Iruretagoiena
Izeta IV.ak, ostera, laugarren. Urruzunok aitortu duenez, gainera,
proba Irigoienen atzetik egitea “mesedegarria” izan zen. “Lehia oso estua denean, hobe da atzetik joatea. Zure aurkariek nolako saioa egiten duten ikusteko aukera duzu, eta horren arabera, era batera edo bestera neurtu ditzakezu indarrak”.
Lanei dagokienez, lau harri jaso behar izan zituzten, eta bakoitzagaz aritzeko hiru minutu izan zituzten. 125 kiloko harri laukizuzena jaso zuten lehendabizi, eta ostean, 125 kiloko zilindrikoa eta 112,5 kiloko kubikoa. Azkenik, 100 kiloko bolagaz amaituko zituzten lanak.
Aimar Irigoien eta Inhar Urruzunoren arteko lehia handia izan zen hasieratik, eta
oso berdinduta ibili ziren. 125 kiloko harri laukizuzenagaz, adibidez, 30 jasoaldi egin zituzten biek, eta 125 kiloko harri zilindrikoagaz, ostera, 30 jasoaldi egin zituen Errezilgoak, ondarrutarrak baino bat gehiago. “31 altxaldi egiten egiteko bidean hasi nintzen, baina iaz leher eginda amaitu nuela ikusita, indarrak gordetzea erabaki nuen. Bi harri falta ziren, eta nahiago izan nuen fresko geratu. Jasoaldi bat gutxiago eginda igarri egin nuela uste dut. 29. jasoaldia erraz altxatu nuen, baina beste bi jasoaldi egitera joanez gero, leher eginda amaituko nuen, eta zegoen beroagaz, hurrengo bi harriak altxatzeko ez nintzen ondo egongo”.
Inhar Urruzuno, txapela soinean. Argazkia: Irati Saizar / Tolosaldeko Ataria
112,5 kiloko harri kubikoa jaso behar izan zuten hurrengo, eta hor ere Aimar Irigoienek baino jasoaldi bat gutxiago egin zuen Urruzunok. Aimarrek 19 jasoaldi egin zituen, eta Urruzunok, 18. “Hor ere ez nuen topera jo. Harria beste behin altxatu ahal izango nuela uste dut, baina bola falta zenez,
indarrak gordetzea erabaki nuen. Izan ere, Aimarrek ez zidan alde handirik ateratzen”.
Hala, azken harrira Aimar Irigoien baino bi jasoaldi gutxiagogaz heldu zen ondarrutarra. Errezilgoa martxa onean hasi zen bolagaz, baina azken minutuan hustu, eta 24 altxadi egin zituen bakarrik. Hori ikusita, gutxienez, 27 jasoaldi egitera behartuta zegoen Urruzuno txapela jasotzeko, eta helburua betetzea lortu zuen. “27 altxatzeko neure burua ondo ikusten nuen, eta hori lortzen ahalegindu nintzen. 100 kiloko harri bolagaz oso ondo moldatzen naiz, lehen ere 27 aldiz altxatuta nuen, eta motibatuta negoenez, txapela lortzeko gai ikusten nuen neure burua”.
Hurrengo hitzordu nagusia abuztuaren 5ean izango du Urruzunok. Gorlizen jokatuko den Bizkaiko Harri Txikien Txapelketan txapela lortzen saiatuko da, laugarrenez.