Mutrikuko olatuen energia plantak abian jarri zenetik bosgarren urteurrena bete du, eta ekoizpen elektrikoari dagokionez, denbora horretan munduko errekorra ezarri du:
1,3 GWh (1.300.000 kWh) ekoitzi ditu, eta lortutako elektrizitate hori banaketa sare orokorrera bideratu da zuzenean. “Beste teknologia batzuekin alderatuta (eolikoa, ziklo konbinatuak), itsas ekoizpen hori txikia bada ere, orain arte ez da lortu halako elektrizitate kopuru bat olatuen bidezko elektrizitatea sortzen duten beste planta batzuen aldetik”.
Bosgarren urteurrena dela eta, Iñigo Urkullu lehendakariak bisitatu du gaur [uztailak 18] itsas instalazioa. Urkullurekin batera, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua izan dira bisitan. Horietaz gain, Mutrikuko Udal ordezkarien artean, Jose Angel Lizardi alkatea izan da eta Pilar Urrutikoetxea Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia ere.
Jaurlaritzako eta udal ordezkariak, Mutrikuko olatu plantan bisitan, gaur goizean. Argazkia: Irekia
Mutrikuko instalazioak olatuek duten energia aprobetxatzen du, eta, funtsean, elektrizitatea sortzeko planta komertzial bat da. Ekoizpen berriztagarria banaketa sare orokorrera bideratzen da, eta Europan sarera konektatuta funtzionatzen duen lehen itsas instalazio komertziala da. Urte batean
100 bat familiaren energia premiak betetzen ditu, besteak beste.
Mutrikuko instalazioan elektrizitatea ekoizteaz gain, turbinen eta kontrol sistemen arloko teknologia berriak probatzeari begira ere badabiltza. “Izan ere, itsas teknologiak garapen fase betean daude, sistemetan hobekuntzak lortzeko eta hartara, eraginkorragoak, fidagarriagoak eta kostu txikiagokoak izateak. Hain zuzen ere, uda honetan, Oceantec izeneko euskal enpresa saiakuntzak edo probak egiten ari da Mutrikuko instalazioetan, OWC teknologia erabiltzen duen turbina berriarekin, itsaso zabalean saiakuntzak egin aurretik, haren erremendimendua eta baliagarritasuna egiaztatze aldera”.