Aurreikuspenak beteta, Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta txapelketako faboritoek jokatuko dute finala. Aurten finalistak, beraz, Mutrikuko
Danok Bat (Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren irabazlea) eta Markina-Xemeingo zesta-punta eskola (Bizkaiko Herriarteko txapelketaren irabazlea) izango dira.
Mutrikuarrek eta Markina-Xemeindarrek
domekan [uztailak 24], 10:30etik aurrera Miruaitz frontoian jokatuko diren finaletan neurtu beharko dituzte indarrak. Irabazleak, gutxienez, hiru finaletatik bi irabazi beharko ditu txapel preziatua janzteko.
Kantxara salto egiten lehenengoak
kadete mailako puntistak izango dira. 30 tantora jokatuko dute partida, eta Zuhaitz Arrillaga eta Jon Iparragirre mutrikuarrek osatutako bikoteak Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako Kepa Gandiaga eta Gorka Libanoren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Kadeteen partidaren ostean, Danok Bateko Aitor eta Mikel Manzisidor anaiek
gazte mailako finala 35 tantora jokatuko dute Gotzon Mandiola eta Danel Mandiola markina-xemeindarren aurka. Azkenik,
nagusi mailako partidan Ekaitz Mendizabal
Goixerri eta Aitor Andonegi mutrikuarrak Martin Gandiaga eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarrak menderatzen saiatuko dira, 35 tantora jokatuko den partidan.