Uemak eta haren kide diren 30 udalerrie euskaldunetako alkateek Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin sinatu duteĀ akordioa.
Hitzarmenari esker, Uemaren eta finantza erakundeen zein aipatu udal horien eta finantza erakundeen arteko harremanak euskara hutsean izango dira.
Bertoko udalerriei dagokienez,
Aulesti, Berriatua, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku eta Ondarroako bulegoetako langileek euskara lehenetsiko dute.
Printzipioz bost urterako hitzarmena da, baina, epe hori beste bost urtez luzatzea da asmoa.
Aipatu bi finantza erakundeen udalerri euskaldunetako bulegoetan bezeroekin dituzten harremanetan euskararen presentzia bermatuta egongo da. “Elkarren arteko harremanak (ahozkoak zein idatzizkoak) euskaraz izango dira, eta horretarako beharrezko baliabideak jarriko ditugu”.
Jon Arriola Berriatuako alkatea hitzarmena sinatzen. Argazkia: Uema.
Neurri zehatzak
Finantza erakundeek zerbitzuak euskaraz jasotzea bermatzeko eta euskararen erabilera lehenesteko neurri zehatzak jaso dituzte hitzarmenean.
Besteak beste, bulegoetako langileek etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak izango dituzte. Era berean, kontratatutako langile berriak elebidunak izan beharko dira.
“Bezeroei lehen hitza euskaraz egingo zaie, eskaintzak ere euskaraz egingo dira, eta eragiketen euskarri diren dokumentuak euskara hutsean eskainiko zaizkie”. Halaber, posta elektronikoz bidalitako informazioa euskaraz edo elebitan egongo da.
Finanatza erakundeek haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko dei egiteko kanpainak burutuko dituzte, eta horretarako, urtero sustapen lana egingo dute.
Hizkuntza politika “ausarta”
Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzketen konpromisoen barruan kokatu du akordioa Josu Labaka Uemaren lehendakariak, eta hitzarmenaren mamiak euskararen aldeko hizkuntza politika “ausarta” erakusten duela nabarmendu du.
Kutxabanken izenean Eduardo Ruiz de Gordejuelak adierazi du kalitatezko zerbitzua bezeroen hizkuntza hautua errespetatzearekin “estuki lotuta” dagoela. Halaber, Laboral Kutxako Marije Etxanizek euskararen aldeko “elkarlana sustatzearen” garrantzia azpimarratu du, eta esan du iniziatiba hartu, eta erraztasunak eman nahi dizkietela “gero eta euskaldunagoa” den gizarteari.
Mikel Ansotegi Aulestiko alkatea hitzarmena sinatzen. Argazkia: Uema.