Jaiak girotzera etorri da Bizixo
Bizixo Jai Konpartsak sortu duen Bizixo balea bere lehen jaiak bizitzeko asmoz heldu zen atzo. Jaiak bukatu artean, Xiri gunean egongo da jaietako ikur berria, herritarrek zer egiten duten zaintzen.Bizixo balea Malen jaietan geratzeko gogotsu etorri ze...
Bizixo Jai Konpartsak sortu duen Bizixo balea bere lehen jaiak bizitzeko asmoz heldu zen atzo. Jaiak bukatu artean, Xiri gunean egongo da jaietako ikur berria, herritarrek zer egiten duten zaintzen.
Bizixo balea Malen jaietan geratzeko gogotsu etorri zen atzo. Eguerdian uretatik atera zen Intzirrixan, eta jai usainaz zipriztindu zituen inguruak. Hurrengo egunetan jairik jai dabiltzan herritarren zaindaria izango da Bizixo Jai Konpartsako kideek prestatu duten balea.Balearen etorrera iragartzeko antzerki antzerako bat egin zuten. Garai batean egiten zuten modura, arraunean tiraka ekarri dute itsaso zabalean arpoiaz jotako balea. Allau gea, allau gea esanaz, Intxirrixan salto egin zuen ontziko kapitain pilotuak balea harrapatzeko erabili zuen arpoia eskuan. «Gau osoa balearekin borrokan aritu eta gero, orain balea hil eta banatu egingo dugu», esan zuen kapitainak.
Intxirrixan batutako jendetza artetik herritar bat agertu zen, eta balea ezin zutela hil esan zien. Hainbat herritarrek kantuan balea eurena zela aldarrikatu zuten, eta eztabaida amaitzean, ez hiltzea adostu zuten.
Balea uretatik atera, eta lepoan hartuta, herrira eraman zuen kuadrilla batek, jaiak pasatzera. Intxirrixatik Beheko Plazara eraman zuten jaietako ikurra, atzetik herritarrak kalejiran zituztela. Balea Beheko Plazan utzi zuten guzti-guztien bistara, eta herritarrak gustura hurbildu ziren harekin batera argazkiak ateratzera.
Bi omendu
Handik minutu gutxira, jaietako lipdub grabaketa egin zuten, jaietarako propio egin duten Ai Malen Andre Madalen kantua soinu banda modura hartuta.
Azkenik, 13:00ak bueltan, jaiei hasiera ofiziala eman zien txapligua bota zuten Beheko Plazatik. Txapligua botatzeko ohorea Bizixo Jai Konpartsaren aurtengo omenduak izan ziren. Alde batetik, herriko kale garbitzaileak omendu nahi izan zituzten, eta horiez gain, Xiri gunea auzolanean konpontzen eta atontzen aritu direnek ere aipamen berezia jaso zuten, «herrian egiten dute lanagatik». Omenduek, gainera, Herritxarron Malen Jaixen mahonezko zapia jaso zuten oroigarri.
Atzo, gainera, gazteak izan ziren jaietako protagonista nagusiak, Gazte Egunean. Goizean, topaketa egin zuten Gaztetxean, eta eguerdian panderojole eta trikitilariekin batera poteoa egin zuten kamiseta urdinak soinean zituztela.
Eztarriak ondo busti eta gero, Merkatu Plazan bildu ziren herri bazkarian. 200 lagunetik gora izan ziren paella jaten batu zirenak. Majo bazkaldu eta gero, zumba saio berezia egin zuten Beheko Plazan batu zirenek. Gelditu ere egin gabe, oholtza gainean zeudenen pausoak jarraitzen ahalegindu ziren plazan batutakoak.
Batzuek dantzan jarraitzen zuten bitartean, Malen jaien hasierako txapligua bota zuten Goiko plazan. 18:00ak puntuan piztu zuen suziria udaltzaingoak, eta jarraian, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideen kalejira hasi zen, txistulariekin batera. Txotxolo, Oker, Alper eta Txoro buruhandiekin aurrean korrika ibili ziren herriko umeak, Urtzi, Mari, Sorgina eta Aker erraldoiek dantzan egiten zuten bitartean.
Danbor hotsekin batera
Ohi modura, Malen bezpera danborradarekin agurtu zuten. 23:00ak inguruan danbor joleek Goiko Plazatik Beheko Plazarako bidean hasi ziren, eta gauerdian amaitu zuten ekimena, Mutriku herria joaz eta abestuaz.
Herritarrek Malen Eguna dotore jantzita ospatuko dute gaur, eta jaiei bukaera ematen dien Santixo Eguna iritsi eta Bizixo balea agurtzeko unea ailegatu arte, mutrikuarrak bizi-bizi ibiliko dira jaiak ospatzen.