Markina-Xemeinek eta Mutrikuk jokatuko dute Herriartekoaren finala
Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta txapelketaren finala etzi jokatuko da, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Jai Alai World Tour zirkuituko zesta-punta txapelketa jokatuko da LekeitionAurreikuspenak beteta, Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta txap...
Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta txapelketaren finala etzi jokatuko da, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Jai Alai World Tour zirkuituko zesta-punta txapelketa jokatuko da Lekeition
Aurreikuspenak beteta, Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta txapelketaren faboritoek jokatuko dute finala. Aurten finalistak, beraz, Mutrikuko Danok Bat (Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren irabazlea) eta Markina-Xemeingo zesta-punta eskola (Bizkaiko Herriarteko txapelketaren irabazlea) izango dira.Mutrikuarrek eta Markina-Xemeindarrek etzi 10:30etik aurrera Miruaitz frontoian jokatuko diren finaletan neurtu beharko dituzte indarrak. Irabazleak, gutxienez, hiru finaletatik bi irabazi beharko ditu txapel preziatua janzteko.
Kantxara salto egiten lehenengoak kadete mailako puntistak izango dira. 30 tantora jokatuko dute partida, eta Zuhaitz Arrillaga eta Jon Iparragirre mutrikuarrek osatutako bikoteak Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako Kepa Gandiaga eta Gorka Libanoren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Kadeteen partidaren ostean, Danok Bateko Aitor eta Mikel Manzisidor anaiek gazte mailako finala 35 tantora jokatuko dute, Gotzon Mandiola eta Danel Mandiola markina-xemeindarren aurka. Azkenik, nagusi mailako partidan, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Aitor Andonegi mutrikuarrak Martin Gandiaga eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarrak menderatzen saiatuko dira, 35 tantora jokatuko den partidan.
World serieak Lekeition
2016ko Jai Alai World Tour zirkuituko Lekeitioko Hiria Zesta Punta Txapelketa jokatuko da estreinako aldiz, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Master Serieetako finalaurreko eta finalak jokatuko dituzte munduko pilotari onenek Lekeition.
Donostia, Zumaia, Gernika eta Hondarribiko frontoietan World Tourra jokatzen ibili ondoren, uztailaren 30an finalerdiak eta abuztuaren 13an finalak jokatuko dituzte Goikoetxeak eta Erkiagak, Egigurenek eta Embilek, Olhak eta Inzak eta Ollaranek eta Etchetok.
Partidak 22:00etan izango dira, eta sarrera 10 eurokoa izango da. Sarrerak turismo bulegoan eta kiroldegian egongo dira eskura.
Beste alde batetik, txapelketaren aurkezpen ekitaldia uztailaren 27an egingo da Lekeitioko udaletxeko areto nagusian, 13:30ean. Antolatzaile eta jokalariek hartuko dute parte.