Presoak tratatzeko Mandela Arauekin bat egin du udalak
Nazio Batuen gomendioa jarraituz, uztailaren 18a Presoen eskubideen aldeko Mandela Eguna ospakizuna aintzat hartzea erabaki du, aho batez, Lekeitioko Udalak, kartzelaratze baldintza arbitrarioen kontra agertuz eta presoak gizartearen parte ere badirela...
Joan den astelehenean egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia Lekeitioko Udalak. Horrez gain, euskaraz alfabetatzeko diru laguntzak emateko udal araudia eta pertsona errefuxiatuen inguruko adierazpen instituzionala ere onartu zituzten.
Nazio Batuek onetsitako Presoak Tratatzeko Oinarrizko Mandela Arauekin bat egiten duela adierazi du udalak. Euskal Presoei Mandela Arauak aplika dakizkien eskatzen du, besteak beste, gaixo dauden presoek tratu duin bat jasotzeko eskubidea eta familiagaz harremana mantentzeko eskubidearen haritik dispertsioagaz amaituz.
Mandela Arauak oinarritzat harturik, zigor ohiko eta arrunt bezala, muturreko isolamenduaren erabilera sistematikoa arbuiatzen dutela adierezi dute, «isolamenduak presoarengan ondorio psikiko ikaragarriak sortzen baititu». Hori horrela, egoera hori pairatzen duten presoei eta euren senideei elkartasuna adierazi diete.
Errefuxiatuen alde
Errefuxiatuei dagokienez, Lekeitioko Udalbatzak, Espainiar Gobernua eta Europar Batasunaren jarrerak salatzeaz gain, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen etorrerak oztopatzeari utzi eta euren etorrerak azkartu ditzaten eskatu zuen osoko bilkuran.
Azkenik, euskaraz alfabetatzeko diru laguntzak emateko udal araudia onartu zuten, 2016-2017 ikasturteari dagokiona. «Araudi honen helburua euskalduntzeko edo euskaraz alfabetatzeko ikastaroak egiten dituzten herritarrei diru laguntzak ematea da», zehaztu zuten. Horrela, HABEk homologatutako edozein euskaltegitan egindako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak lagunduko dituzte.
Lehen euskalduntze mailakoek lehentasuna edukiko dutela zehaztu dute.