6 urteko kartzela zigorra osorik bete ostean, Eneko Etxaburu Markuerkiaga preso ondarrutarrak irailaren 1ean irtengo du Logroñoko espetxetik (Errioxa, Espainia).
2010eko irailaren 23an Basaurin espetxeratu zuten, handik Navalcarnerora (Madril, Espainia) lekuz aldatu zuten, eta han hilabete batzuk egin ostean, azken bost urte eta erdian Logroñon bete du zigorra.
Kartzelatik
08:00etan irtengo du ondarrutarrak, eta espetxe aurrean harrera egingo diote herritarrek. Hori dela eta, autobusa antolatu dute Ondarroatik. 05:30ean irtengo du autobusak Zaldupeko Zubitik. Izena eman nahi dutenek Kulixkan, Anaitasunan eta Gaztedin eman beharko dute izena, asteleheneko [abuztuak 29] 20:30ak aurretik. Era berean, 19:30ean ongietorria eta ekitaldia ere egingo dute Zubi Zaharraren inguruan.
Eneko Etxabururen lagun eta senideak, futbito txapelketan parte hartzen
Etxaburu 2008ko urtarrilaren 23ko goizaldean atxilotu zuen Espainiko Poliziak
Lea-Artibako beste zazpi gaztegaz bategaz. Fernando Grande-Marlasca Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, operazio poliziala 02:00ak aldera hasi eta 08:00etan amaitu zen. Atxilotuen etxebizitzak miatu zituzten poliziek, eta zenbait etxebizitzetan indarra erabili zutela ere aitatu zuten familiek.
Lau egunez inkomunikatuta eduki eta gero, urtarrilaren 26an pasatu ziren zortzi gazteak epailearen aurretik, eta denek tratu txarrak salatu zituzten. Ondarrutarra aske utzi zuten Ainhoa Pagoa markina-xemeindarragaz batera, baldintzapeko askatasunean; beste gazte guztiak, ostera, espetxeratzeko agindua eman zuen Grande-Marlascak.
2009ko urriaren 13an hasi zen Lea-Artibaiko gazteen aurkako epaiketa, eta Segiko kide izatea egotzita zortzi urtetako zigor eskaera egin zieten.