Denboraldia etxetik kanpo lortutako garaipenagaz hasi zuen atzo [abuztuak28] Aurrerako nagusien futbol taldeak. Joseba Plazaren mutilek
0-2 irabazi zuten Getxoren aurkako norgehiagoka. Hain zuzen ere, Ander Olabarriak eta Luken Iturrinok egindako golei esker lortu zituzten denboraldiko lehen hiru puntuak.
Ligako estreinaldia zelairatu eta gutxira lortu zuten Plazaren mutilek lehen gola; Getxoren atzelarien akats baten ostean
2. minutuan partida lehen gola egin zuen Ander Olabarriak. Partida hasieratik aurrean ibili ziren ondarrutarrak, eta euren jokoa egiteko aukera izan zuten lehen unetik, aurkariak erraz mendean hartuz. Era berean, Getxok zailtasun asko izan zituen ondarrutarren areara ailegatzeko orduan, eta Aurrerak lasai jokatzeko aukera izan zuen.
29. minutuan Luken Iturrinok buruz sartu zuen bigarren gola, eta horrek lasaitua eman zion talde gorri-urdinari. Aurrerak kontrolpean hartu zuen jokoa, eta gol aukera bat edo beste izan bazituzten ere, 0-2 markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Aurrerak Getxoren aurka zelairatutako taldea. Goian: Alejandro, Bengo, Jon Burgoa, Txus eta Luken. Behean: Beñat, Olabarria, Sarasua, Eneko, Laka eta Arufe. Argazkia: Erik Osa
Bigarren zatian ere nagusi izan ziren ondarrutarrak, eta getxoztarren erritmoa bizitu eta aurrerago jokatzen hasi baziren ere, ezin izan zuten aukera askorik sortu. Aurrerak, ostera, hainbat gol aukera sortu zituen, baina ez zuen beste golik sartzeko aukerarik eduki.
Sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago talde ondarrutarra, Alaves B eta Sodupe taldeen atzetik, eta hurrengo jardunaldia liderraren aurka jokatuko dute, etxean. “Etxeko lehen partida izango da, eta momentu honetan sailkapeneko gorenean dagoen taldearen aurka jokatuko dute gure mutilek”.