Markina-Xemein Esku Pelota taldeko Aimar Ibarloza pilotariak Zumaiako 45. Dinastia Etxabe eskuz binakako txapelketa irabazi zuen aurreko astean, gazte mailan. Markina-Xemeindarrak Jon Alberdi azpeitiarragaz batera jokatu zuen txapelketa Aitzuri pilotalekuan.
Finaleko partida “oso gogorra eta lehiatua” izan zela nabarmendu dute Markina-Xemeingo Esku Pelota taldeko arduradunek. “Aurkariak oso gogor hasi ziren, eta Aimar eta Jon 9-1 galtzen hasi baziren ere, gutxikanaka partiduan sartzea lortu zuten, garaipena lortuaz”. Azkenean, Riol eta Aizpurua erraz menderatu ahal izan zituzten,
22-12 irabazita.
Ibarloza eta Alberdi (erdian) txapelketa antolatzaileekin batera. Argazkia: Peio Romatet / Baleike.eus
Dinastia Etxabe txapelketa maila handiko txapelketa da, eta markina-xemeingo atzelariak aurten estreinako parte hartzeko aukera izan du Euskal Herriko pilotaririk onenen artean. “Kadete mailako pilotaria baldin bada ere, ondo moldatu da gazte mailan”, adierazi du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemein Esku Pelota taldeko entrenatzaileak.
Ibarlozagaz batera, Mikel Urizar markina-xemeindarrak ere parte hartu du txapelketan hirugarrenez. Aurten, 23 urtez azpikoetan jokatu du.