Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura zuzendariak jakitera eman duenez, dikea sendotzeko lanak egiten ari dira Ondarroako portuan. Sailburuak HITZAri adierazi dioenez, hiru lan egingo dira portuan: alde batetik, dike txikia handiagaz parekatuko da; bestetik, sendotuko den dikearen parean hormigoi blokeak jarriko dituzte olatu horman; eta, azkenik, ontzitegi alboko eraikinaren teilatua konponduko dute.
Garraio Azpiegitura sailetik aurreratu dutenez, lanak abenduaren bukaerarako edo urtarrilaren hasierarako prest edukitzea aurreikusten dute. “Larrialdi bidea erabilita” dikearen lehen zatia konpontzea beharrezkoa dela dio Jaurlaritzak, eta negua hasi aurretik azpiegitura hori “ahalik eta baldintzarik onenetan” egotea nahi dute.
Abuztuaren erdialdean hasi zituzten dikean egiten ari diren lanak, eta oraingoz, dikearen bi aldeak altuera berdinean ipintzen ari dira. Hala, altuera txikiagoa duen lehen dike zatiari beste 1,5 metro altuera duen hormigoizko horma gehitzen ari dira. Guztira, 170 bat metro dike luzatuko dituzte.
Horma luzatuta, helburua olatuek gainez egiten dutenean kalteak saihestea dela nabarmendu du sailburuak. “Neguan izan genituen azken ekaitzek hainbat kalte eragin zituzten euskal portuetan, eta, hori dela eta, ia dike guztietan dauden hormen garaiera igotzea erabaki dugu”.
Garraio Azpiegitura sailetik gaineratu dutenez, dikearen berregituratzea dela eta, bertan dauden eskailerak moldatu beharko dituzte, altuera berrira egokituz.
Dikearen horman hormigoia botatzen
Era berean, 20 tonako 600 bloke hormigoi ere botako dituzte, sendotzen ari diren dike zatia babesteko. Hau da, guztira, 12.000 tona bloke gehituko dira aurretik zegoen olatu hormara.
Bloke horiek, Ondarroako Udalak utzitako gune batean egiten ari dira. Zehatz esanda, Zaldupe kiroldegiko atzeko aparkaleku parean ari dira egiten, eta handik gero kamioeitan garraiatuko dituzte portura. Blokeak urritik aurrera garraiatzen hastea aurreikusten da, eta herriko zirkulazioan ahalik eta gutxien eragiteko, portuko arduradunak horiek nola, noiz eta zelan garraiatu aztertzen ari dira.
Lanak uztailean esleitu zituen Jaurlaritzak, eta C. Balzola enpresa egiten ari da lanak. Aurrekontuari dagokionez, 882.801,76 euroko aurrekontua izango dute lanek, BEZa kontutan hartu gabe.
Portuko ontzitegi alboko eraikineko teilatua erabat txikituta
Dikea sendotzeaz gain, ontzitegi alboko eraikineko teilatua ere konponduko dute hurrengo asteotan. Izan ere, otsailaren hasieran egondako ekaitzak txikituta utzi zuen eraikinaren teilatua.
Konpontze lanak Edifnor Construcciones y Contratas enpresak egingo ditu, eta horretarako hilabeteko epea izango dutela jakitera eman dute. Lanen aurrekontua 46.297,02 eurokoa da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.