Datorren astean, irailaren 8tik 11ra bitartean,
Munduko lur gaineko sokatira txapelketa jokatuko da Malmon (Suedia). Bertan,
munduko beste 88 talderekin batera Mutriku Sokatra Taldeko kideek parte hartuko dute. Mutrikuarrez gain, beste bi euskal talde ere titulua lortzeko lehian ariko dira; Laukizko Gaztedi eta Erandioko Goiherri taldeko bina taldek parte hartuko dute txapelketan.
Mutrikuarrak txapelketan parte hartzeko gogotsu daude, eta azken asteotan gogor ari dira entrenatzenatzen. Munduko txapelketari begira, esaterako, entrenamendu bereziak egin dituzte Gaztedi taldekoekin batera, Laukizen. “Hemen lagun gutxi garenez, elkarren aurka aritzeko aukera izan dugu Laukizen”.
Taldea
pisu aldetik ondo dabil eta bertako arduradunek aurreratu dutenez, Mutrikuk 640 eta 580 kiloko kategorietan parte hartuko du. “Euskadiko lur gaineko txapelketan pisu handiko lehian nahikoa ondo moldatu gara, baina pisu txikiagoetan arazo asko izan ditugu. Munduko txapelketan dena ematera aterako gara”.
Mutriku Sokatira Taldeko kideak. Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea
Klub modura parte hartzeaz gain,
nazio modura parte hartzeko aukera ere izango dute talde mutrikuarreko hainbat kirolarik. “Taldeko biri Basque Country Euskadiko selekzioarekin bate parte hartzeko eskaintza egin diote, pisu handien kategorian. Azken orduko aldaketarik ezean Jabier Urrestik eta Patxik Ituartek 700 kiloko kategorian aritzeko aukera izango dute”.
Orain bi urte jokatu zen Munduko txapelketan maila ona erakutsi zuen euskal selekzioak, eta aurten ere emaitza onak lortzeko asmoarekin joango dira Suedia aldera.
Talde mutrikuarreko kideek martitzen [irailak 6] goizean irtengo dute Suedia aldera, eta Angel Arrieta entrenatzailearekin batera honako zortzi tiralariak joango dira: Aitzol Urkiza, Patxi Ituarte, Ekaitz Salcedo, Eder Bergara, Garikoitz Arruti, Ioritz Urruzuno, Jon Badiola eta Jabier Urresti.