Izena: Erramun.
Abizenak: Osa Ibarloza.
Jaioterria: Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio bazen ere, Ondarroan bizi izan zen adinez nagusi izan zen arte (gutxi gorabehera) eta gaur egun Garain (Bizkaia) bizi da.
Jaiotza urtea: 1964ko abuztuaren 22a.
Alderdia: EAJ.
Hautagaitza: EAJren hautagaia da, Bizkaitik (zerrendan 30. doa –ordezkoen artean bosgarrena da–).
Ikasketak eta lana: Euskaltzaindiko idazkariordea da. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduraduna izan zen eta euskaltzain urgazle izendatu zuten 2013ko otsailaren 22an. Ondoko batzordeetan lan egin izan du: Sustapena (2003-), Argitalpena (2011-),
Euskera agerkaria (2011-) eta Informazio eta Komunikazioaren teknologiak (2013-).
Ibilbide politikoa: Urte askoko esperientzia dauka. 2015eko udal eta foru hauteskundeetan Garaiko (Bizkaia) alkategai legez aurkeztu zen. Osarentzako izendapena hori erronka berria izan zen: “Erronka, alderdiaren jarduna ikusgarri egiteko, Garai indarberritzeko eta herritarren apetei era eragingarrian erantzuteko. Konpromisoa ere bada; egun alderdien jarduna oro har gutxiesten eta arbuiatzen denean, herri honen alde horrenbeste ahalegin egin eta neke hartu duten alderdikideei eskertzeko modua ere badelako”, esan zuen. Nahiz eta ordura arte herri politikagaz harremanik ez izan, Osak bazekien jardun publikoa eta taldeen kudeaketa. 2007 eta 2009 urteen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Koordinaziorako zuzendari izan zen, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzan, eta alderdian Garaiko UBBko kide izan da eta hala jarraitzen du. Osa euskara irakaslea da lanbidez, eta bere ibilbide profesionala hasiera-hasieratik euskarari, euskal kulturari eta euskal hezkuntzari lotua egon da. Osak dioenez, batasunaren alde egiten du udal-politikan ere. Bere hitzetan, “ona izango litzateke udal ordezkari guztiok herritarren beharrei begiratzea eta, haiekin batera, adostea eta partekatzea herriko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko.