Herriko jai nagusiak goi-goitik ospatzen ari dira Gizaburuagan. Atzoko [irailak 7] kanpai joteagaz eta bolanderekin hasi zituzten Andramariak, eta gaur [irailak 8] ospatu dute jaietako egun nagusia.
Goizean, herritar asko batu dira Santa Katalina elizan ospatu den meza nagusian, eta ostean, trikitilariekin poteoa egiteko aukera izan dute. Ordurako, frontoia pilota partidak ikusteko jendez bete-betea egina zegoen. Izan ere, Mikel Goñik Lea Ibarra Motrollokoen aurka jokatu duen partidak jende asko erakarri du frontoira. Herritarrek nabarmendu dutenez, inoizkorik jenderik gehien egon da frontoian.
Goñi II.ak Unai Arrizabalagaz batera jokatu du, eta 22-19 irabazi dute Asier Muruaga eta Gontzal Urionaren aurka. Partida nahikoa azkarra jokatu dute (40 minutu ingurukoa), eta oso lehiatua izan da, tanto azkarrez eta berdinketaz beteta. Berez, Uriondo Gizaburuko pilotaria jaialdian parte hartzekoa zen, baina mina hartu duenez, ezin izan du jokatu.
Luis Mari Leniz txapel jaurtiketako irabazlea Gizaburuagako alkateagaz batera
Pilotariak agurtu ostean, jaietako txapel jaurtiketa jokatu dute, hirugarrenez. Euria ari zuenez, txapelketa frontoian bertan jokatu dute, eta bertan 30 bat herritarrek parte hartu dute. Parte hartzaileen artean markarik onena Luis Mari Lenizek lortu du. Txapela frontoiaren beste alderaino jaurti du, eta 22 metro eta 27 zentimetroko marka eginda, jantzi du txapela. Juan Miguel Arostegi alkatearen eskutik bazkari edo afari batentzako bonoa eskuratu du.
Euria zegoenez, ostera, aurten ez da bolo jokorik egin. Eguna aurrera joan ahala, ospakizunek aurrera jarraitu dute Gizaburuagan, eta ohi modura, herriko nagusien bazkaritan 18 lagun batu dira.
Gaurko ekimenetan gozatu ostean, jaiak bihar [irailak 9] Oibarko ermitaren inguruan egingo den erromeriagaz jarraituko du.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.