Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra maila nagusiko txapelketako finalean izango da, atzo [irailak 11] Leitzako (Nafarroa) Amazabal pilotalekuan jokatutako Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketan
seigarren postua lortu eta gero.
Finala urriaren 23an jokatuko da Bilboko Miribilla pilotalekuan, eta mutrikuarrarekin batera honako bostek parte hartuko dute: Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Joseba Otaegi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta.

Euskadiko lehen mailako finalistak. Argazkia: Ibon Errazu Uria
Aizkolari bakoitzak
sei pago enbor moztu behar izan zituen: guztira, kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbiko bina enbor. Lehen maila osatzen duten hamabi aizkolarietatik hamar aritu ziren kanporaketan, eta lehen mailan debutatu duen
Iker Vicente nafarra izan zen bizkorrena, 19:15 denborarekin. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Aitzol Atutxa (19:54), Mikel Larrañaga (20:28), Joseba Otaegi (21:42), Juan Jose Lopez Azpilikueta (21:46) eta Ugaitz Mugertza (22:02).