Ondarroa Arraun Elkarteak jakitera eman duenez, irailaren 17an eta 18an igoera kanporaketa faseko estropadak ikusteko autobusak egongo dira. Hala, Bermeora eta Portugaletera taldea animatzera joan nahi duten herritarrek autobusean joateko aukera izango dute.
Izena emateko zerrendak Alai tabernan zalbaldu dituzte, eta autobusean joateko interesa dutenek
eguenera [irailak 15] arteko epea izango dute. “Egun bateko txartelak 10 euro balioko ditu, eta bi egunetakoak, ostera, 15 euro”.
Arraun taldeko kideek aurreratu dutenez, Bermeoko estropadara joateko autobusak zapatuan [irailak 17], 15:30ean irtengo du Arraun elkarteko goiko autobus geltokitik. Portugaletera joateko autobusak, ostera, domekan [irailak 18], 09:30ean irtengo du.

Ondarroa Arraun Elkarteko arraunlariak, Ondarroako banderagaz. Argazkia: Joseba Arrizabalaga / Ondarroa Arraun Elkartea
Igoera fasearen garrantzia kontuan hartuta,
Aurrerak ere nagusien partida eguna aldatzea erabaki du. Zallaren aurkako neurketa, hortaz, zapatuan jokatu beharrean, domekan 18:00etan jokatuko da. “Zaleek bi hitzorduetara joan ahal izateko, partida eguna aldatzea erabaki dugu. Arraun taldeak zer emaitza lortzen duen zain geratuko gara, ea zortea duten. Igotzea lortzen baldin badute, denok batera ospatuko dugun Zaldupen”.
Lau talde
Azken berrien arabera, San Miguel ligarako igoera fasea lau taldek jokatuko dute. Traineren txapelketa nagusian parte hartzeko
bi txartel egongo dira jokoan, eta Ondarroa txartel horietako bat lortzen ahaleginduko da.
Igoera fasean honakoak izango dira Ondarroaren aurkariak: Donostiarra (KAE1 ligako bigarren sailkatua), Ares (Galiziako trainera ligako irabazlea) eta Portugalete (San Miguel ligako hamaikagarren sailkatua).