Mendatako XX. Nekazal Azokak 400 euskal oilo bildu ditu
Azokaren erregina euskal oiloa izan bada ere, hainbat motako animaliak eta baserriko produktuak egon dira aukeran. Antolatzaileak pozik daude emaitzekinOrtuariak, ogia, txakolina, euskal pastela, kontserbak eta baserriko beste hainbat produktu bildu zi...
Azokaren erregina euskal oiloa izan bada ere, hainbat motako animaliak eta baserriko produktuak egon dira aukeran. Antolatzaileak pozik daude emaitzekin
Ortuariak, ogia, txakolina, euskal pastela, kontserbak eta baserriko beste hainbat produktu bildu zituen domekan Mendatako XX. Nekazal Azokak hamasei postutan. Eta herritarrek ez zuten galdu nahi izan haiek dastatu eta erosteko aukera.Artisauek ere beraien tokia izan zuten, eta hamar postu inguru kokatu zituzten herriko frontoian.
Hala ere, Euskal Oiloa izan zen azokako erregina. Izan ere, herriko hazleek 400 oilotik gora jarri zituzten salgai. Maria Begoña Lamikiz mendatarrak azaldu bezala, bertako oiloaren arrautza beti izaten da gozoagoa «Gainera, denbora gehiagoz jartzen ditu, pare bat urte gutxienez, izan ditugun beste batzuek urte bakarra irauten duten bitartean». Haragia ere gozoagoa dela dio Lamikizek.
Zuriak, horiak eta batez ere gorriak ziren salgai egon ziren oilo eta oilarrak. 10 eta 15 euro inguruan ibili ziren; oilar zaharrak 25 euroan ere saldu ziren.
Oiloez gain, Jon La Cruz gatikarrak hainbat animalia ere eraman zituen azokara, haur eta helduen gozamenerako: zebra, gamelua, bufaloa, zaldiak, llamak eta mota askoko behiak ere jarri zituen ikusgai.
Idi probetako animaliak ere han izan ziren ikusgai, arratsaldeko desafiorako prest.
Jarraikortasuna
«Ez da lan erraza izan hogei urte hauetan jai hau mantentzea», adierazi zuen antolakuntza taldeko Idoia Malleak. Hala ere, emaitzekin pozik daudela adierazi zuen. «Adin guztietako herritarrek parte hartu dute antolakuntzan», gehitu zuen.«Batez ere, nagusiak izan arren hainbat urtez laguntzen ibili diren pertsonen gogo bizia da azpimarratzekoa».