Lekeitioko Udalak San Antolin jaien balorazio positiboa egin du
Aurtengo jaiak ekintza berriengatik eta kalitatezkoengatik bereizi direla adierazi dute. Orokorrean jai lasaiak izan direla azpimarratu dute, ez dela egon gorabehera larririkAurtengo San Antolin jaien iritzi on eta baikorrak jaso dituztela jakitera ema...
Aurtengo jaiak ekintza berriengatik eta kalitatezkoengatik bereizi direla adierazi dute. Orokorrean jai lasaiak izan direla azpimarratu dute, ez dela egon gorabehera larririk
Aurtengo San Antolin jaien iritzi on eta baikorrak jaso dituztela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. «Jendea pozik eta gustura» agertu dela azpimarratu dute. Hobetzeko gauzak ere badaudela onartu dute, baina aurtengo jaiak, batez ere, kalitatezko ekintza eta ekintza berriengatik bereizi direla adierazi dute. Eta horien artean, suzko zezenen kalejira, ur eta bitsaren jaia, plaza bete duten musika taldeak, Pablo Berasaluze pilotariaren eta Egan taldeko Xabier Saldiasen agurrak eta indarkeria sexistarik gabeko gunea nabarmendu dituzte.Txosna Batzordeak egindako lana ere zoriondu du udalak, «antolatu dituzten ekintzengatik eta txosna gunean izan duten giroagatik».
Jai lasaiak
Antzar egunari dagokionez, neska harrapatzaileak gehitzen ari direla azpimarratu dute; Hamazazpi izan dira aurten. Gorantz egin du bai eta Antzartek polimerozko antzarren eskaerak ere. «2015ean 84 potinetik hemeretzik aukeratu zuten Antzartek, eta aurten, 85 potinetik 32 potin joan dira Antzartek harrapatzera: hemeretzi lekeitiar, eskualdeko bat eta hamabi kanpotar».
Kaleko garbitasunari dagokionez, Antzar egunean batu zela zabor kopuru handiena jakitera eman du udalak. «Beharginek 17:00etan amaitu zuten herria garbitzen, kamioi, putzegile eta mahukak erabiliz. 14.860 kilo zabor batu dira herrian jaietan».
Udaltzaingotik eta Ertzaintzatik jaso duten informazioaren arabera, jaiak lasai igaro direla azpimarratu du udalak, gorabehera larriegirik barik. «Salaketak lapurretengatik izan dira, batez ere telefono mugikorren lapurretengatik, eta gehienak irailaren 3an, zapatuan».
Antzar egunean, Zaintza Intentsiboko Unitate mugikorrak bederatzi pertsona artatu zituela zehaztu du udalak: lau neska adingabeko zauri txikiengatik eta bost gizonezko, gehienak traumatismoengatik. SOS Deiakek, berriz, hamabi eskuhartze egin zituen guztira jaietako zortzi egunetan, horietatik bost Antzar egunean eta gehienak istripuengatik.
Garraio zerbitzu publikoak ere egoki funtzionatu duela aitatu dute. «Antzar egunean Bizkaibusek 31 autobus jarri zituen jendea Lekeitora eramateko, eta goizean, adibidez, sei orduren epean 1.600 pertsona ailegatu ziren herrira».
Udalak jakin duenez, gainera, biharamunean, bueltatzerako orduan ere ez zen arazorik egon. «Aurten norabidearen arabera ilarak desberdindu egin dira, eta neurri horiek erraztu egin dute lana».
Indarkeria sexistarik barik
Jaietan, orohar, herritarrek zein kanpotik etorritakoek eraso sexistei planto egiteko jarrera erakutsi dutela azpimarratu du udalak. Hala ere, Txosna Batzordekoek nahiz eta jaiak postiboki baloratu, pare bat neska txosnetara laguntza eske joan zirela azaldu dutela esan dute, mutilen jazarpena salatzeko eta laguntza eske. «Potxuak Martxan emakume taldearen hitzetan, eraso hauek berehala bideratu ziren, eta neska haiek lasai ibili ahal izan ziren». Hori dela eta, herriko emakume taldearen bitartekaritza eskertu du udalak.
Bestalde, Emakumea eta Berdintasun Batzordeak antolatutako informazio eta aholkularitza gunea «oso arrakastatsua» izan dela esan dute. «Jende ugari agertu zen, eta interesa azaltzen zuten autodefentsa eta eraso sexisten gaien inguruan».
Etorri zirenen gehiengo zabala emakumeak izan ziren, adin guztietakoak. Guztira, gunetik 700 bat lagun pasa zirela zehaztu dute.