Txapela janzteko marmitakoa
Mari Sol Alberdik eta Maria Antigua Beitiak hirugarrenez jantzi dute Mutrikuko Galbaixoetako Marmitako lehiaketako txapela. Marmitakoa prestatzeko ezer berezirik ez dutela erabili nabarmendu dute.Mari Sol Alberdik eta Maria Antigua Beitiak irabazi dute...
Mari Sol Alberdik eta Maria Antigua Beitiak hirugarrenez jantzi dute Mutrikuko Galbaixoetako Marmitako lehiaketako txapela. Marmitakoa prestatzeko ezer berezirik ez dutela erabili nabarmendu dute.
Mari Sol Alberdik eta Maria Antigua Beitiak irabazi dute Mutrikuko Galbaixo jaietako Marmitako Txapelketa.Atzokoarekin, seigarren aldiz parte hartu du bikoteak, eta nabarmendu dutenez, pozik jantzi dute euren hirugarren txapela. Beitia ibili zen sukalde lanetan, eta laguntzen, berriz, Alberdi. Marmitakorik onena egiteko orduan ez zutela ezer berezirik erabili aitortu dute. «Kipula, piperra, tomatea, patata eta hegaluzea erabili ditugu, besterik ez».
Saridunen izenak jakitera eman orduko, txapelketan parte hartu zuten 16 marmitakoen enkantea egin zen Beheko Plazan. Oro har, prezio onean saldu ziren marmitako lapikoak.
90 euroan saldu zen irabazleena. Hala ere, ez zen izan guztien artean garestiena. Hamabigarren, hamairugarren eta hamalaugarren sailkatuen lapikoak saldu ziren garestien. Zehatz esanda, 100 euroan saldu zen bakoitza. Merkeen saldu zen lapikoa, bestalde, 80 euroan ordaindu zen.
Estreinako kontzertua
Marmitako txapelketako sari banaketaren aurretik, aldiz, Mutrikuko Musika Bandak Galbaixoetako emanaldia eskaini zuen, Beheko Plazan. Plaza bete jenderen aurrean bost piezaz osatutako kontzertu paregabea zuzendu zuen Josean Pascual zuzendari estreinatu berriak, eta ikusleek txalo zaparrada artean hartu zituzten musikariak.
Goizean, berriz, buruhandi eta erraldoien konpartsa kaleak girotzen ibili zen, eta ondoren, herriko gazteenek zezen txikien aurrean saltaka ibili eta pottoken gainean osteratxoa egin zuten.