Urregarai zelaia, Santa Eufemi jaien bilgune
Urregaraiko Santa Eufemia ermita eta zelaia jendez beteko dira datozen egunotan. Zainduaren omenezko eguna gaur ospatuko baldin bada ere, etzi ospakizunez beteriko bigarren aukera ere egongo da.Santa Eufemi jaiak ospatuko dituzte aulestiarrek datozen e...
Urregaraiko Santa Eufemia ermita eta zelaia jendez beteko dira datozen egunotan. Zainduaren omenezko eguna gaur ospatuko baldin bada ere, etzi ospakizunez beteriko bigarren aukera ere egongo da.
Santa Eufemi jaiak ospatuko dituzte aulestiarrek datozen egunotan. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, Urregaraiko ermitaren eta zelaiaren bueltan gaur ospatuko dute jaietako egun nagusia.Elizkizunekin hasiko dute eguna, eta ostean, 11:00etan, ume eta gaztetxoen bolo topaketa egingo da. Bolotan jokatu ondoren, poney gainean osteratxoa egiteko aukera egongo da.
Eguerdia, berriz, erromeriak girotuko du, eta 16:30ean, umeek eta gaztetxoek txapela jaurtitzen duten abilezia erakusteko aukera izango dute. Gazteenen erakustaldiaren ostean, nagusiek izango dute txapel jaurtiketan parte hartzeko aukera.
Iluntzean herrira jaitsi, eta ilunabarragaz batera jaiak plazan jarraituko du, Haitzama taldearen erromeriagaz.
Errepikapena
Gaur jaiaz gozatu ezin duenak etzi edukiko du hurrengo aukera. Goizeko eta eguerdiko mezen ostean, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da, 12:45ean, eta ostean, 36. ermitara igoera egingo dute. Lasterketa amaitu orduko hasiko da inguruko irrintzilaririk onenak batuko dituen 27. Irrintzi txapelketa.
16:00etan, bolo txapelketa egingo da, eta ondoren, Esteibar eta Obietaren erromeriak girotuko du arratsaldea. 20:30etik aurrera, berriz, jaiak plazan jarraituko du, Liskerren erromeriagaz.