Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldeari larrialdi egoera mantentzeko eskatu diote Ondarroako San Inazio kaleko 40-46 atarietako kaltetuek. Nabarmendu dutenez, arriskuak oraindik ere euren etxeen gainean jarraitzen du. “Gure atzeko mendiko lanak nola ordaindu aztertzen ari diren politikariak (udaleko, Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariak) datozen egunotan erabakia hartzekotan omen dabiltza. Dirudienez, lanak larrialdikoak izendatzetik urgentziazkoak izendatzera jauzia emango dute”.
Salatu dutenez, erabaki politiko horren jatorria ekonomikoa dela uste dute. “Lanak urgentziazkoak izanda, berez, merkeagoak izaten dira dirutan”.
Mendiko lanak, gaur goizean
Baina, euren iritziz, egoera aldatuz gero, lanak merketu ordez, garestitzea ekar lezake. Erabaki hori hartzen bada, gainera, lanak gelditzeko beldur direla azpimarratu dute. “Lanak gelditzeko arriskua dago, eta ez dakigu berriro noiz hasiko liratekeen. Orain artean mendian lanean (kobratzeko zain beti) ari diren enpresak eta langileak etxera bidaliko lituzkete eta lanak eten, urgentziazko lanak egiteko dirua udalaren esku jarri artean”.
Kaltetuek azpimarratu dutenez, mendiaz arduratzen ari diren teknikariek argi adierazi diete lanak martxan jarraitzea berebizikoa dela, euren etxeak babesik barik ez lagatzeko. “Mendiari kendu beharreko tona gehienak kenduta, badira luzatu ezin diren zereginak. Segurtasuna eta irizpide teknikoak kontuan hartuz mendiari eustea eta egiturak kalterik izan ez dezan gure etxeetara eroritako tonak kentzea, esaterako”.
Harritzar bat logela barruraino sartuta
Argi utzi dutenez, arrisku maila jaisteak euren etxeen gaineko arriskua handitu egingo luke, eta ondorioz, egin beharreko lanak luzatu. Hurrengo hilabeteetako euriek orain arteko kalteak gehitu egingo lituzteekela deritzote, etxeen egituraren gainkarga areagotuz. “Lanak eteteak edo luzatzeak familion arazoak areagotuko lituzke, gainera. Besteak bete, ordezko etxeetan bizitzeak dakarzkigun gastuak pilatuko lirateke. Izan ere, gure etxebizitzen hipotekez gain, ordezko etxebizitzen alokairu gastuak ordaindu behar ditugu”.
Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldeari larrialdi egoera mantentzeko eta mendiko lanek atengabe jarraituko dutela bermatzea nahi dute
Arrazoi horien guztiengatik, Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldeari larrialdi egoera mantentzeko eta mendiko lanek etengabe jarraituko dutela bermatzeko eskatu nahi diote. “Bost hilabete berandu lanean hasitako erakunde arteko taldeak ez dezala mendiko lanen martxan eragin. Alderdietako interesak albora utzi, eta aurrera egiteko eskatzen diegu, arriskuak ekiditeko”.
Lur jausiaren arrastoak, agerian
Egoeragaz kezkatuta, San Inazio kaleko 40-46 atarietako kaltetuek euren etxebizitzetako kalteak bertatik bertara erakustea erabaki dute. Hain zuzen ere, gaur [irailak 17] goizean komunikabideek 40C eta 42A atarietako hainbat etxebizitzetan eta garajeetan sartzeko aukera izan dute.
Gorka Ruiz eta bere familiaren etxean harritzar batek alabaren logelako horma zeharo hautsi du
Kalteak nabarmenak dira, eta kasu batzuetan, mendia etxe barruraino ere sartu da. 40C atariko 1C etxebitzan, esate baterako, alabaren logela zena txikituta dago. Gorka Ruiz eta bere familiaren etxean metro bat luzera eta beste horrenbesteko zabalera duen harritzar batek logelako horma zeharo hautsi du, eta beragaz batera, beste hainbat harri ere sartu dira etxe barruraino.
Alabaren logela zena ez eze, komuna eta bikotearen logela ere zeharo apurtuta daude. “Imaginatu zenbat harri erori den, komuneko atea ezin dugula ireki ere egin”, azaldu du Ruizek. Azpimarratu duenez, aurreko astean egindako bisitan antzeman zituzten kalterik handienak.
Gorka Ruiz alabaren logelako kalteak erakusten
Egoeragaz kezkatuta dagoela adierazi du, eta oraindik ere ikusitakoa ezin sinetsita dagoela dio. “Hasiera batean alabaren leihoko kristal bat bakarrik zegoen apurtuta, baina aurreko zapatuan [irailak 10] sartu ginenean, panorama honegaz topo egin genuen. Harriak horma guztia zulatu du, eta inguruko guztia apurtu. Ikusitakoa eta gero, dardaraka geratu nintzen”.
Gorka Diezen etxeko logela bateko atea guztiz txikituta dago, eta harrien pisuak arrakalak eragin ditu horman
Ruizen goiko etxebizitzan ere kalteak handiak dira. Logela bateko atea guztiz txikituta dago, eta harrien pisuak arrakalak eragin ditu horman, esaterako. “Azkenengo sartu ginenean, ez nuen etxe barruan kalterik, baina zapatuan [irailak 10] sartu nintzean, ostera, kalteak bestelakoak zirela ikusi ahal izan nuen. Indar handiz erori dira harriak, eta horrek kalteak areagotu ditu”, azaldu du Gorka Diez 2Cko bizilagunak.
Bertatik gainera, mendiak eragin dituen kalteak ondo baino hobeto ikusi daitezke, panorama, egia esan, beldurgarria da. Hainbat harritzar eta menditik eroritako lurra pilatuta ikus daitezke lehenengo pisuetako terrazetan. Ez hori bakarrik, Kamiñalderantz zihoan hesiaren aurka elkar pilatuta daude lurra eta harriak, eta karga hori edozein momentutan jausteko prest daudela ikus daiteke. “Mendia gainera datorrela ematen du”, adierazi du kezkatuta beste bizilagun batek.
Gorka Diez bere etxeko leihotik lur jausiak eragindako kalteei begira
Idoia Gerenabarrena eta familiaren etxebizitzan ere kalteak handiak dira. 42A atariko lehen solairuan bizi zen familia, eta bikotearen logelara beste harritzar handi bat sartu dela ikus daiteke. Ia bi metro inguruko harriak lur jausiaren lehen egunetan eragin zituen kalteak. Logelako horma guztia ia apurtuta dago, eta hormako zirrikitutik hainbat harri ere sartu da. “Hasieratik sartu zen harria logelara, baina ordundik hona ere kalteak gehitu egin dira. Teknikoek horma babesteko egur xaflak ipini zituzten, eta horiek ere apurtu egin dira”.
Hormarik ez egoneran, kalteak bestelakoak ere badirela dio Gerenabarrenak. “Etxean hezetasuna gehitu dela ere nabari da”. Bizilagunak, hain zuzen ere, eurek etxebizitzak egurats zabalera luze egoteak ere kezkatzen ditu. Hezetasunak kalteak areagotuko dituela diote.
Idoia Gerenabarrena bere logelan dagoen harriaren parean
42A atarian, gainera, beste hainbat kalte ere badaude. Lehenengo solairutik bigarrenera igotzeko eskaileretan harriak erori dira, eta hortaz, ezin da bertotik igaro. Bigarren solairuan erori diren harrien pisuari eusteko, gainera, zutoinez eutsita dago solairuaren zatietako bat.
Etxe arteko solairuetan ez eze, garajetako sabaia eusteko beste hainbat zutoin ere ipinita daude, badaezpada. Zutoin horiek, hain zuzen ere, 42A eta 40C atarietako terrazen azpian jarri dituzte.
Bizilagun bat 42B atariko eskaileretan
42B atarian ere kalteak handiak dira. Eskaileren egitura kaltetuta dago, esaterako. Leihotik sartutako harriek apurtu egin dute, hirugarren solairuaren parean. “Martxoko lehen lur jausiek kaltetu zuten eskaileraren egitura”, dio Asier Bergara bizilagunak.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.