Hotz Oñati plataformak sortutako Motxila Solidarioa egitasmoarekin bat egin du Mutrikuko Zabiel Eskulan Tailerrak. Kanpaina horren barruan udaberrian eskulan tailerrekoek egindako
artilezko lepokoak eta txanoak bidali dituzte.
Motxila bakoitzak barruan eraman beharreko materialaren artean negurako arropa (eskularruak, lepokoa eta txanoa) eskatzen zen, eta eskulan taldekoak horretan laguntzen aritu dira. Talde mutrikuarreko arduradunek jakitera eman dutenez,
700 bat pieza bidali dituzte. “Aurreko barikuan [irailak 16] etorri ziren Hotz Oñati elkarteko kideak materialaren bila, eta denetara, 700 bat pieza eraman zituzten”.
Zabiel Eskulan tailerrekoek bidalitako materiala. Argazkia: Zabiel Eskulan Taldea
Plataforma oñatiarrak sortutako egitasmoak
gerratik ihesean dabiltzan haurrentzako eskolarako motxila solidarioak prestatu ditu. Batutako materiala eguenean [irailak 22] bidaliko da Grezia aldea, eta ondoren, hango errefuxiatuen kanpalekuetako eskoletan banatuko da Dandelion GKEaren bitartez.
Plataformak 500 motxila inguru prestatzea espero bazuen ere, helburu guztiak gaindituta, 1.200 motxila bidaliko dituztela jakitera eman du.