EH Bilduk ekonomia, gizartea eta ingurumenaren arteko oreka nahi du
Busturialderako dituzten asmoak azaldu zituen atzo EH Bilduren hautagai Iratxe Arriolak. «Politika aktiboak» proposatu ditu koalizioak, administrazioek bultzatutaGernika-Lumoko Juntetxearen aurrean prentsaurrekoa eman zuen atzo EH Bilduk, Busturialde...
Busturialderako dituzten asmoak azaldu zituen atzo EH Bilduren hautagai Iratxe Arriolak. «Politika aktiboak» proposatu ditu koalizioak, administrazioek bultzatuta
Gernika-Lumoko Juntetxearen aurrean prentsaurrekoa eman zuen atzo EH Bilduk, Busturialderako dituen asmoen berri emateko. Eako alkate eta Legebiltzarrerako hautagai Iratxe Arriolak egin zituen adierazpenak, eta, esan zuenez, natura eta biztanleak errespetatuko dituen eredua nahi du koalizio abertzaleak. Sozioekonomiaren oinarria oreka izan beharko litzatekela esan zuen Arriolak: hain zuzen ere, ekonomiaren, gizar- tearen eta ingurumenaren arteko oreka.Sei alde nabarmendu zituen Arriolak, Busturialdean garatu beharrekoak: osasuna, industria, lehen sektorea, uraren kudeaketa, ur saneamendu sarea eta turismoa.
Proposamenak
Busturialdeko hainbat talde eta elkarte biltzen dituen Busturialdean Lan eta Bizi plataformak alderdi politikoei egindako eskariari ere erantzun nahi izan zion EH Bilduk atzoko agerraldian. Izan ere, alderdiek eskualdean zein eredu garatuko duten ezagutzeko mahai ingurua antolatzea zuen helburu plataformak, alderdi guztiak batuta. Hala ere, EH Bilduk bakarrik erantzun zion deialdiari.
Arriolaren hitzetan, proposamen zehatzak ditu EH Bilduk Busturialdearentzat, eta horiek gainontzeko alderdiekin eztabaidatzeko aukera ez izatea «pena bat» dela. Dena den, komunikabideen aurrean eman ditu xehetasunak.
Osasun arloari dagokionez, esan zuen Gernika-Lumoko ospitalea benetako ospitale bihurtzeko pausoak eman behar direla, eta horrek lehentasuna duela EH Bildurentzat. Industria ere aipatu zuen, azken bi hamarkadetan enpresa asko itxi eta beste hainbat deslokalizatu egin dituztela gogoratuz. «Politika aktiboak» eskatu ditu Arriolak, eta, horiek aktibatzeko, 80 milioi euroko funtsa proposatu du EH Bilduk. Gernika-Lumon lurzoruak egon badauedela esan zuen: Gernikako ibarrean 42 hektarea daudela eta horiek birgaitzea lehentasuna dela.
Lehen sektorearen egoera ere aipatu zuen. Industrian legez, azken 20 urteetan baserritarrek lantzen duten lurzoru kopuruak behera egin duela esan zuen. Horietako asko «utzita» daudela aipatu du EH Bilduren hautagaiak, eta, horren ondorioz, produkzioak ere behera egin duela. «Hori, neurri handi batean gertatu da instituzioek ez dutelako politika aktiborik bultzatu baserritarrak beraien ogibidetik duintasunez bizitzeko»esan zuen Arriolak. «Guk proposatzen duguna da politika aktibo horiek instituzioek aurrera eramatea; bertoko produktuaren alde eta sasoian sasoikoaren alde eginez».
Ura eta hornidura
Urari dagokionez, Jaurlaritza dekretu berri bat landu nahian dabilela esan zuen, «tarifa bidez, inbertsio kostuen amortizazioa herritar denei kobratzeko». EH Bilduren ustez, proposamen hori ez da guztiz zilegia, «azpiegitura guzti horiek diru publikoagaz ordaindu direlako». Uraren erabilera eta kudeaketa publikoa izan behar dela dio koalizioak, eta horren harira esan du Busturialdeko Ur Partzuergoa dela Bizkaian ura bere arro hidrografikoan kudeatzen duen bakarra. «Europako zuzentarauak dioen moduan, guk uste dugu herriek eskubidea izan behar dutela euren arro hidrografikoa eurek kudeatzeko».
Saneamenduari dagokionez, obrak bizkortu beharko lirateke Arriolaren iritziz. «Sukarrietako ponpaketa zentroa egiteko obra adjudikatuta badago ere, uste dugu ez dagoela eragozpenik Gernikatik Busturira doan kolektore zatia ere adjudikatu eta obrak hasteko».
Turismoaren alorrean, berriz, proposatzen duten Guggenheima eta turismo masiboa ez dute egoki ikusten. «Ez dugu postaleko herri batean bizi nahi» esan zuen, «ez dugu bizi nahi leku batean non bisitariak heldu, autobusetik jaitsi eta ekonomia lokalean ezer ez duten utziko».