Eusko Legebiltzarrerako EAJren Bizkaiko zerrendaburu da Josu Erkoreka bermeotarra. Enplegua sortzea dute jeltzaleek erronka nagusietako bat.
Bizkaiko zerrendaburu Eusko Legebiltzarrerako. Ezer egiteke geratu zaizu Lakuan?
Gauza asko geratu dira amaitu barik; lanean daudelako edota urte askorako proiektuak direlako; Urdaibain bertan, esaterako, saneamendu sareko lanak, eta Bermeon, olatu hormako lanak. Horiek datorren urterako amaitzea aurreikusita daude. Hala ere, uste dugu gure programaren edukinik nagusienak bete ditugula. 14 Plan Estrategiko eta Sailen arteko 44 plan onartu eta aurreikusitako ekimen gehienak gauzatu ditugu.
EAJk etorkizunari begira eraiki nahi du Euskadi. Eraikuntza horrek, ze oinarri izango ditu?
Oinarri nagusiena alderdi ezberdinen arteko ulermena eta adostasunak bilatzeko ahalegina izan behar da. Madrilen dagoen adostasun ezak dakartzan arazoak ikusten ari gara; ez dago gobernu egonkorrik, ez eta gobernu egonkor eta serioa osatzeko modurik. Gizartearentzat, baina, uste duguna baino kaltegarriagoa da hori. Horregatik, uste dugu, eraikuntza hori, lehenik eta behin, ulermenean oinarrituta egin behar dugula: alderdi ezberdinen ekarpenak bat eginik eta gehiengoen adostasunak ezarrita.
Josu Erkoreka, Bermeoko portua atzean duela
Programa luzea aurkeztu duzue. Nola laburbildu?
Hiru atal nagusi ditu. Lehenengoa euskal gizartearen kezka nagusiaren ingurukoa da: jardun ekonomikoa areagotu enplegu gehiago eta hobeagoa sortzeko. Uste dut danok bat gatozela, epe laburrera, behintzat, hori izan beharko litzatekeela erronka nagusia. Ekonomiari bizitasuna eman behar diogu, eta industriak indar handiagoa behar du. Industria hori, gainera, aurreratua izan behar da; hau da, berritzailea eta lanpostu kualifikatuak sortuko dituena. Modu horretan, gaur egun, lanbide heziketak eta unibertsitateak eskaintzen dituzten profesionalek irtenbidea edukiko lukete. Bestalde, gizarte politiketan oinarrizko egitura garrantzitsu bat badaukagu, nahikoa aurreratua, Europako hainbat lekutan indarrean dagoen egituragaz parekatu daitekeena, gainera. Espainiagaz alderatuta, askozĀ aurreratuagoa eta garatuagoa da gurea. Krisialdian gizarteari sare bat eskaintzeko balio izan digu.
Josu Erkoreka: “ETAren zikloa gainditu dugu, bere jardun armatua bazterrean utzi zuen, eta horrek politikaren jardunean sortzen zituen arazoak eta ezinegonak gainditutzat eman ditzakegu”
Eta aurrerantzean zer?
Aurrerantzean, hala ere, orain arteko gizarte politiken trukean, lanpostuak eta lanpostuei dagozkien soldatak lortzen joatea izan beharko litzateke erronka nagusia. Sare sozial horri eutsi behar diogu gure ondare garrantzitsua delako, eta orain arteko politikak mantendu ez ezik, ahal den neurrian hobetu eta zabaldu ere egin behar dira arlo guztie
tan. Hirugarren atala autogobernuari lotutakoa da, planteamendu bat egitea beharrezkoa delako. Gure autogobernua 1979. urtean sortutakoa da, eta, ordutik, gauzak asko aldatu dira. Gizarteak berak dio, joan den asteko inkesta batek erakusten zuen modura, autogobernu zabalagoa eta sakonagoa behar dugula; %70ak uste du hori. Beraz, hainbat ziklo gaindituta, momentu politiko berezia bizi dugu. Batetik, ETAren zikloa gainditu dugu, bere jardun armatua bazterrean utzi zuen, eta horrek politikaren jardunean sortzen zituen arazoak eta ezinegonak gainditutzat eman ditzakegu. Bestetik, ETAren jardunaren inguruan eta horri erantzuteko sortu zen ilegalizazioen zikloa ere amaitutzat eman direla esan dezakegu. Beraz, orain bai, gizarteak askatasun osoz aukeratu ahal ditu bere ordezkariak. Orain, ona, positiboa eta beharrezkoa litzateke ordezkari guztiak biltzea, bata besteari aurpegira begiratzea, eta elkarbizitza zelan antolatu ditzakegun ikustea, etorkizuneko autogobernua zein oinarritan eraiki ahal dugun hausnartzeko. Momentu garrantzitsua da, eta horretaz ohartu beharko ginateke alderdi politiko guztiak.
Enplegua sortzea duzue erronketako bat. Gazteak edota krisi garaian lana galdu dutenak lan merkatura sartzeko aparteko neurririk dakarzue?
Azken urtean mila milioi eurogaz hornitutako enplegurako plan berezia sortu dugu, eta, horretan, hainbat neurri aurreikusten dira enplegua berpizteko, aukera berriak sortzeko eta bide berriak sustatzeko eta bideratzeko. Neurrietako batzuk enpresei zuzendutakoak dira, kontratazioak areagotzeko eta kalitatezkoak izan daitezen. Beste batzuk, berriz, ekintzailetza bultzatzera zuzenduta daude; jende asko baitago prestakuntza ona daukana eta ekintzaileratzako gaitasunekin. Horretarako, programa bereziak martxan jarri behar dira, eta horien artean, gazteentzako programa berezi bat daukagu. Horren bitartez, hurrengo urteetan 20.000 gaztek aukera edukiko dute euren bizitzako lehenengo esperientzia profesionala edukitzeko. Horregaz batera, beste programa bat sortu dugu, ikasketetako azken urtean gazteek ikasketak eta lana uztartu ahal izateko.
Eta emakumeen baldintzak hobetzeko neurririk?
Emakumeentzako plan bereziak daude, ez bakarrik Emakundetik datozenak. Berdintasuna sail askoren arteko elkarlanagaz jorratu beharko litzateke. Jaurlaritzaren jardunean, gero eta zabalduago dago genero faktore hori. Emakumeen kolektiboa enplegu bat lortzeko zailtasun gehien dituztenen artean dago, eta badaude plan bereziak.
Gure eskualdeetan, administrazioaren laguntzagaz, industria berreskuratzeko gaitasunik ba al dago?
Jaurlaritzatik inbertsio handiak egin ditugu azpiegituretan, eta egiten jarraitzen dugu, portuan, esaterako. Bermeokoa, adibidez, hiru dimentsioak batzen dituen Eskadiko portu bakarra da: merkataritzakoa, arrantzakoa eta kirolekoa. Hiru horietarako plan bereziak daude, portuak berrantolaketa bat izango baitu. Berrantolaketa horregaz, hiru sektore horiek sustatu gura dira, eta ekonomia sortzeko eta lanpostuak sortzeko baliagarriak izan daitezkeen bideak martxan jarri gura dira. Arrantzari lotuta, bestalde, bi proiektu, dimentsio ezberdinetakoak; bata, berdel hanburgesak egitearena, eta, bestea, Bermeo World Tuna City.
Arrantzari, beraz, etorkizuna ikusten diozu.
Lehengo eta oraingo arrantzak ez dauka zerikusirik, baina Bermeo inork ez du identifikatzen ez bada itsasoari eta arrantzari lotuta. Beraz, ahal den neurrian, behintzat, eta gaurko errealitateak desberdinak direla kontuan hartuta, etorkizunari begira ez litzateke hori bazterrean utzi beharko, lehen ezagutzen ez ziren elementu berriak landuta eta bultzatuta.
Erkoreka: “Orain dela urte eta erdi inguru, hainbat erakundetan errefuxiatuei buruzko erabakiak hartzen hasi zirenean, Euskadiko erakunde ezberdinak batu ginen, eta errefuxiatuei eskaini ahal diegun guztia batu eta estrategia bateratu bat diseinatu genuen”
Eta, orokorrean, lehen sektorea nola berrindartu daiteke?
Lehen sektoreak modu nabarmenean galdu du pisua azken 30 urteetan. Gaur egun, pisu txikia dauka BPGan. Horrek, hala ere, ez du esan nahi garrantziarik ez duenik, bere tradizioa duelako. Ez dugu Euskal Herria ezagutzen baserritar eta itsas gizonik barik. Horiei irtenbidea eman behar diegu, zenbait faktore kontuan izanik: errentagarritasuna, lehiakortasuna eta ingurumenarekiko errespetua.
Errefuxiatuen gaia ere badu kezka gizarteak. Herritar talde, elkarte, GKE-k ekimen ugari bultzatu dituzte azken urteotan. Administrazioak nahikoa egiten al du?
Errefuxiatuen gaia Europako Erakundeetatik kudeatzen ari dira. Europan, estatu ezberdinen arteko oinarrizko arazo sakon bat dago errefuxiatuekiko politika zelan antolatu behar den erabakitzeko; beraz, aurrerapauso gutxi eman dituzte. Orain dela urte eta erdi inguru, hainbat erakundetan gai horri buruzko erabakiak hartzen hasi zirenean, Euskadiko erakunde ezberdinak batu ginen, eta errefuxiatuei eskaini ahal diegun guztia batu eta estrategia bateratu bat diseinatu genuen. Prest egon ginen errefuxiatuak hartzeko eta baldintza onetan hartzeko, gainera. Kontua da gutxi datozela; ez dira etorri herriak nahiko lituzkeen beste.