1366. urteko Lumoko bizimodua antzezteko herritarrak behar dituzte
On Tellok Gernika-Lumo sortu zuela 650 urte bete dira. Hori dela eta, hiribilduaren sorrera birsortu gura dute. Hain zuzen, garai hura, gertaera hura eta XIV. mendeko bizimodua islatuko duen antzezlana ari dira prestatzen Emakide elkarteko Xankore antz...
Herritarrek ere parte hartzea nahi du emakumeen elkarte horrek. Hori dela eta, gonbidapena egin diete herritar guztiei.
30 antzezle behar izango dituzte obrarako: zazpi emakume, hamahiru gizon eta bost edo sei ume. Era berean, zenbait figurante ere behar izango dituztela aurreratu dute.
Antzerkian parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute martitzenetik eguenera, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Ostean, aukeraketa egingo dute Xankorekoek. Antzerkiaren estreinaldia hurrengo urterako aurreikusi dutela argitu dute; 2017ko apirilerako, hain zuzen.
XIV. mendeko bizimodua
Hiribildua sortu zutenaren urteurrena dela-eta egiten ari diren ospakizunekin batera, antzezlan bat prestatzea proposatu zien Gernika-Lumoko Udalak antzerki taldekoei, Xankoreko kide Mila Artetxek azaldu duenez. Gernizarra Historia Taldeko kidea den Vicente Del Palacioren laguntzarekin, 1366. urtean, Lumo azpian zegoen ainguraleku txikiko biztanleen bizimodua zelakoa zen islatuko duen obra baterako gidoia prestatu dute.