Ezpata luzeen gainean dantzan
San Migel jaietako egun nagusiak beti-betiko ohiturak atera zituen atzo, Xemeingo udaletxe zaharraren aurreko plazara. Dantza giroz bete zen plaza, goizean.Jendez bete zen atzo eguerdian, Arretxinagako plaza. San Migel eguna ospatu zuten Markina-Xemein...
San Migel jaietako egun nagusiak beti-betiko ohiturak atera zituen atzo, Xemeingo udaletxe zaharraren aurreko plazara. Dantza giroz bete zen plaza, goizean.
Jendez bete zen atzo eguerdian, Arretxinagako plaza. San Migel eguna ospatu zuten Markina-Xemeinen, eta urtean behin, egun zehatz horretan, ikusteko aukera egoten den Xemeingo Ezpata Dantza ez zuten galdu nahi izan Arretxinagan batu zirenek.Berehala bete ziren Arretxinagako Jai Batzordeak plazaren inguruan jarri zituen egurrezko aulkiak, eta horien atzean kokatzen joan ziren ikuskizuna zutik ikusi zutenak ere. Arretxinagako baselizan eman zuten mezaren ostean, 12:00ak aldera gutxi gorabehera, atera ziren plazara Zerutxuko dantzariak, ezpatak eskuan, dantzaldi ikusgarria eskaintzeko prest.
Ohiturari jarraituta, hamabi ezpatadantzarik, maisu zaharrak eta lau ezpata txikik egin zuten dantzan Arretxinagako baselizaren aurrean, Imanol Aretxabaletaren txistuaren erritmoa jarraituta. Eneko Amutxastegi, maisu zaharraren paperean, igo zen beste dantzariek ezpatak gurutzatuta egindako parrilaren gainera, eta momentu hori batez ere, gogoz txalotu zuen publikoak.
Ezpata Dantzaren ostean, Aurreskua egin zuten Zerutxukoek, dantzaldiaren amaieran ikusleetako batzuk ere dantzara atera zituztelarik.
Dantza giroagaz jarraitzeko, Arantza eta Pantxo bikoteak eta euren taldeko biolin-jotzaileak era guztietako doinu dantzagarriak eskaini zituzten, rantxerak eta doinu kubatarrak besteak beste.
Eguerdian etenaldia eginda, euskal jokoekin jarraitu zuten ospakizunek, arratsaldean. Txingak probatzen ibili ziren gaztetxoak lehenengo, eta Patxua tabernako zaldiaren eta zortzi laguneko talde baten arteko norgehiagoka egon zen ondoren. Zaldiak 20 minutuko proba egin zuen alde batetik, 900 euroko harria eramanda, eta zortzi lagunek, txandaka, 50 kiloko txingekin harek egindako marka gainditu nahian ibili ziren.
Jokoak amaitutakoan pintxo-potea egon zen Aulestiko batukadak girotuta, eta gauean, Mahai Gainekoa berriz ere Zerutxuko dantzarien eskutik.
Zuzia eskuan ermitari buelta bat eman eta gero,banan-banan plaza erdiko mahai gainera igo ziren dantzariak.