Eguzkia lagun, Mutrikuko Mijoa auzoko jaietako egun handia ospatzen ari dira gaur [irailak 30]. Mutrikuarrek zein ondarrutarrek asko estimatzen dute San Jeronimo eguna, eta Mijoako auzotarrekin batuta, Ilunbe baserri aurreko plazan batu dira denak, giro ezinhobean.
Jaiak goizeko txupinarekin hasi dira, eta urteroko hitzorduari hutsik egin gabe auzoko ermitan batu dira bateko zein besteko herritarrak. 11:00ak hasi da elizkizuna, eta ohi modura, jende asko batu da bertan. Beste behin ere, ermita txiki geratu da, eta, askok, abadeak esandakoak errepide ondotik entzun behar izan dituzte.
11:50ak bueltan amaitu da meza, eta mezatan batutako jendea txosna aurrean zeudenekin batzen hasi da. Ohitura den modura, mutrikuar eta ondarrutar asko Mijoara oinez hurbildu dira, eta horiek eztarriak busti eta urdailak betetzen ari ziren bitartean, Aratz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkolariek eta Mutriku Sokatira Taldeko kideek herri kirolen erakustaldia egin dute.
Herritarrak Mijoako txosna aurrean
Aizkolariek kolpeka eta abiaduran kanarediko enbor bana moztu dute. Sokatira taldekoek berriz, lokotx batzen, lasto altxatzen, lasto jaurtitzen, trontzan eta ingudea altxatzen ibili dira, besteak beste, han batutako guztien gozamenerako. Erakustaldi hori bukatu eta gero, gainera, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko norgehiagoka jokatu dute. Lehia oso parekatua izan baldin bada ere, lanak lehendabizi bizkaitarrek amaitu dituzte.
Eguerdian atsedenaldia egin ondoren, arratsaldean hasi eta gaueko orduak txikiak arte zer ospatua egongo da Mijoa auzoan. Jaiak domekan [urriak 2] amaituko dira, eta bien bitartean, jo eta su ibiliko dira auzotarrak. Zapatuan [urriak 1], esaterako, bertso afaria egingo dute Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta domekan, aldiz, auzo bazkaritan batuko dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.