Hakusuisha argitaletxeak eta Nami Kaneko itzultzaileak
aho batez irabazi dute II.
Etxepare–
Laboral Kutxa Itzulpen Saria,
Mussche Kirmen Uriberen eleberriaren japonierarako itzulpenagatik. Saria aurreko astean banatu zuten, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean.
Itzulpenari dagokionez,
itzulpenaren kalitatea, euskaratik zuzenean japonieara itzultzea duen konplexutasuna eta Kami Kanekoren eskarmentua itzultze-lanetan goraipatu dituzte. Sari ematean, gainera, Hakusuisha etxearen 100 urteko ibilbide luzea, eta argitataletxeak liburua Japonian sustatzeko egin duen lan bikaina azpimarratu dituzte.
Sariaren xede nagusia euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea
euskal eremutik kanpo sustatzea dela nabarmendu du Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. “Bigarren deialdi honetara zortzi lan aurkeztu dira. Hain zuzen ere, euskarazko testuak gaztelaniara, katalanera, lituanierara eta japonierara itzulitako lanak izan dira aurkeztu direnak”.
Laboral Kutxa eta Etxepare Institutuko arduradunak, Nami Kaneko eta Kirmen Uriberekin batera. Argazkia: Etxepare Institutua
Saria jasotzerakoan esker on berbak izan zituen Kanekok sariaren sustatzaileentzat, kanpoan egiten den lana aitortzeagatik. “Lan indibidual hori gehienetan ahaztuta gelditzen da eta”. Egindako lan horri esker, gainera, Nami Kanekok 2016ko
Japoniako Itzulpengintza Sari Nagusia ere jaso zuen.
Kirmen Uribe ere pozik azaldu zen saria jaso izanagatik, eta Hakusuisha argitaletxeagaz esker oneko, bere ibilbidearen alde apustu egin duelako. Babesa ematen duen pertsona zehatzak munduan aurkitzeak duen garrantzia nabarmendu du Uribek, bere kasuan Etxepare Institutuan aurkitu dituenak, edo Nami Kaneko eta gainontzeko itzultzaileak. Bere esanetan, azken horiek maitemindu egiten dira liburuekin, eta horregatik itzultzen dituzte. “Ez da lan mekanikoa, emozioanal baizik”.
Ekitaldiari amaiera emateko, Uribek eta Kanekok
Mussche lanaren zati baten irakurketa bat eskaini zuten; euskaraz batak, japonieraz besteak.