Baserritarrak omendu dituzte
Zapatua izan zuten Mendatan San Migel jaietako egunik bereziena. Mendatan ez ezik, Bermeoko San Migel auzoan eta Ereñon ere sanmigelak ospatu dituzte.San Migel jaiak ospatu dituzte Mendatan. Eguaztenean hasi eta domekara bitartean egitarau zabala izan...
Zapatua izan zuten Mendatan San Migel jaietako egunik bereziena. Mendatan ez ezik, Bermeoko San Migel auzoan eta Ereñon ere sanmigelak ospatu dituzte.
San Migel jaiak ospatu dituzte Mendatan. Eguaztenean hasi eta domekara bitartean egitarau zabala izan zuten aukeran. Hala ere, zapatua izan zuten egunik bereziena.Gure sustraietan murgilduz lelopean, baserri mundua eta baserritarrak omentzeko eguna izan zuten zapatukoa. Elexalde eta Mendaturi auzoen artean kalejira eginez hasi zuten eguna. Kantuan hasi eta idi pare batek eta hiru astok ireki zieten bidea bertaratutakoei, eta horien atzetik tipi-tapa abiatu ziren Mendaturi auzorantz.
Bidean geldialdia egin, eta arbasoen baserrietako bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten. Zehatz esateko, baserriko lanak zelan egiten ziren ikasi zuten ume, gazte zein nagusiek. Lurra goldatzen, belarra mozten, otzarak egiten, garia jotzen…, askotariko zereginen erakustaldiak egin zituzten.
Onaindi baserrira abiatuta, Gure baserri munduari eta baserritarrei plakaren ondoan elkartu ziren. Baserri munduak eta euskal baserrietako jendeak omentzea beharrezkoa zela adierazi zuen Joseba Mallea Mendatako alkateak: «Bertako ohitura, bertako baloreak mantentzen dituen mugarri bat dira gure sustraiak».
200 lagun bazkaltzen
Omenaldiaren ostean, Idoia Etxebarria oriotarrak eta Inaxio Perurena leitzarrak harrijasotze erakustaldia eskaini zuten. Perurenak 200, 250 eta 270 kiloko harriak jaso zituen, eta Etxebarriak 88 eta 75 kilokoagaz burutu zuen erakustaldia. Horren ostean, hamaiketakoa jan, eta Elexalde auzora joan ziren, berriro, kalejiran. Hango frontoian 200 herritar inguru batu ziren bazkaritan.
Mendatan ez ezik, Bermeoko San Migel auzoan eta Ereñon ere sanmigelak ospatzeko aukera eduki zuten asteburuan.
Eta datorrenari begira, asteburuan, Zarrabentako jaiak ospatuko dituzte mendatarrek. Herri kirolak, bakailao jana, musika… izango dituzte aukeran zapatuan eta domekan.