Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aginduz hegaluze kostera martitzen [urriak 4] gabaz itxi zen, behin-behinean. Hain zuzen ere, espeziearen zenbaketa egiteko itxi zen kostera. Ondarroako Kalare Deuna kofradiak igorritako datuen arabera, 650.000 kilo lehorretaratu dira kosteran.
Kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, salmenta aldetik denboraldi oparoa izan da, aurreko bi urteetakoa baino hobea. “Karnata biziagaz arrantzan ibili diren arrantzaleek arrantza tokia nahikoa hurre izan dute, eta prezioz ere, nahikoa ondo saldu da”. Hain zuzen ere,
bataz beste, 3,69 euroan saldu da kiloa.
Karnata biziagaz arrantzan ibili direnentzako kostera ona izan baldin bada ere, karnata bizirik gabe edo
kazan ibili direnentzako, ostera, txarra izan da. “Bizkaian, oro har, kostera ez da oso ona izan, kazan dabiltzan ontzi asko daudelako. Ondarroan, esate baterako, bi ontzi daude, eta horiek ez dute askorik arrantzatu, eta gainera, itsasbide luzea egin behar izan dute arraina aurkitzeko. Urruti aurkitu dute arraina, eta horrek irabazi gutxi edo galerak ere sorrarazi dizkie”.

Baxurako arrantzaleak arraina deskargatzen, Ondarroako portuan
Nahiz eta arrantzualdia martitzen gauean itxi, oraingo egunotan ere saldu dira ale batzuk Ondarroako kofradian. Atzo [urriak 5] eta gaur [urriak 6], esate baterako, turrun bat entzun da. “Kostera itxi aurretik harrapatutako eta deklaratutako aleak saldu dira egunotan bentan. Ontziak Irlanda paretik zetozenez, hona ailegatzean saldu dute arraina. Bihar [urriak 7] ere saltzeko aukera izango dugula uste dugu, asko jota, astelehenera [urriak 10] arte”.
Hegaluzea harrapatzea debekatuta,
hegalaburretan ari dira bertoko arrantzontziak. Asteon, esate baterako, hegalabur ale handiak saldu dituzte kofradian, 100 kilotik gorakoak. 160 kilo bitarteko ale banakak saldu dira, sei euroren bueltan kiloa. Kosterari dagokionez, 35.400 kilo saldu dira Ondarroan, bataz beste, 6,32 euroan kiloa.
Baxurako ontziek egunotan hurbileko arraina harrapatu dute. Bermeotik Donostiara bitarteko uretan melba asko arrantzatu dute
Kostera ixteagaz lotuta, gainera, txitxarrotan dabiltzak ontziak ere beranduago itsasoratzea erabaki dute. “Hegalabur sasoian txitxarrotan dabiltzan ontziak domeka gabetan itsasoratu dira, eta orain, debekua martxan jarri denez, astelehen goizean itsasoratzeko asmoa dutela esan digute”.
Txitxarro eskari gutxi. Baxurako arrantzontziek, ostera, hurbileko arraina arrantzatzen ibili dira egunotan. Batez ere, melba harrapatu dute egunotan, Bermeotik Donostiara bitarteko uretan. Melba kiloa, 1,20-1,30 euroan saldu da bentan, bataz beste.
Melbaz gain, betandia eta txitxarroa ere lehorreratu dute arrantzaleek. Betandia tamaina aldetik txikia izan denez, 50-80 zentimoan saldu da. Txitxarroa, bere aldetik, oso merke ari da saltzen, oso eskari gutxi dagoelako.