Beiraren magia leiho eta ateetan
Bizkaiko beira-leiho eta beira-ate garrantzitsuenak aukeratu ditu Paula Monika Betanzosek Arrantzaleen Museoko erakusketa batean ikusgai jartzeko; 100 inguru daude.Bizkaiko beira-leiho eta beira-ateen garrantzitsuenetarikoen erakusleiho izango da Berme...
Bizkaiko beira-leiho eta beira-ate garrantzitsuenak aukeratu ditu Paula Monika Betanzosek Arrantzaleen Museoko erakusketa batean ikusgai jartzeko; 100 inguru daude.
Bizkaiko beira-leiho eta beira-ateen garrantzitsuenetarikoen erakusleiho izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoa urriaren 30era arte. Paula Monika Betanzos erakusketaren komisarioak aukeratutako 100 beira-leiho eta beira-ate baino gehiago ikus daitezke.XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran Europako tailer garrantzitsuenetan egindako lanak daude ikusgai, hain zuzen ere. Era berean, Betanzosentzat «interesgarria» delakoan, zenbait beira-leiho eta beira-ate abangoardista ere ikus daitezke, «60ko eta 70eko hamarka- detakoak».
Erakusketaren helburua, Betanzosek azaldutakoaren arabera, arbasoek utzi diguten ondarea kontserbatzea, aztertzea eta bisitariei zein ikertzaileei ezagutzera ematea da.
Erlijiozko beira-leiho eta beira-ateak daude ikusgai, baita zibilak ere; denetarik aukeratu du. Horretarako, Betanzosek bi irizpide eduki ditu kontuan. Batetik, beira-leiho eta beira-ateak bisitatzeko moduan egotearena; hau da, sarbide erraza edukitzea. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan dagoena ikusteko baimena eskatu behar da. Bestetik, hainbat egile aukeratu ditu. Izan ere, dioenez, «sasoi batean tailer asko arduratzen ziren beirateak egiteaz eta, niretzako, garrantzitsua zen denak erakusketan biltzea».
Erlijiozko beira-leiho eta beira-ate gehienak Frantziako, Alemaniako edo Ingalaterrako enpresatan egindakoak dira. Hain zuzen ere, handik oinarrituta hasi ziren geroago zibilak egiten, eta horiek egiten bertoko komertzioak edo Europako beste herrialde batzuetatik etorritako ikastunak hasi ziren. «Hemen geratu ziren beira-leihoen eta beira-ateen eskari handia zegoelako».
Beiraren magiaren eskutik, zaleek ikusmen eta emoziozko esperientziak bizi ahal izango dituzte Arrantzaleen Museoko erakusketan. Betanzosek dioenez, beira-leihoak eta beira-ateak bereziak dira daukaten espiritualtasunarengatik. «Beira-leihoak eta beira-ateak ikusten ikasten denean, argiaren eraginez hartzen dituzten koloreek beste dimentsio batera eramaten zaituzte, edo hori da nire sentipena, behintzat. Horretarako, baina, tartea hartu behar da horiei begiratzeko; izan ere, batzuk horien aurrean gelditu ere ez dira egiten», azaldu du.
Santuak bakarrik ez
Betanzosek jendea animatu du erakusketa bisitatzera: «Ezberdina da, ez dituzte santuak ikusiko. Koloreak, argi mota ezberdinak, beira-leiho eta beira-ate didaktikoak dira erakusgai daude- nak, besteren artean».
60 eta 70eko hamarkaden ostean, beira-leiho eta beira-ateak egiteak beheranzko joera hartu zuen. «Gaur egun, hemen ez dira horrenbeste erabiltzen, baina bai beste leku batzuetan. Frantzian, esate baterako, oraindik beira-leihoak eta beira-ateak egiten dituzte, bai eta Katalunian ere. Hala ere, Kataluniako estiloa oraindik modernista da, horretan geratu baitziren».
Erakusketaren komisarioak, berriz, 20 urte daramatza Bizkaiko beira-leiho eta beira-ateak aztertzen. Gainera, beiragaz egin daitekeenari buruzko tailerrak ematen ditu Bilbon.
Arrantzaleen Museoan ikusgai jarri dituzten paneletan, inguruko herrietako zenbait beira-leiho eta beira-ate ikus daitezke: Gernika-Lumoko Batzar etxean bisita daitezkeenak 1903an eta 1985en egindako beharrak; Bermeoko Kasinorako 1989. urtean egindakoa zein 1910. urte inguruan Santa Eufemia elizarako egindakoa; Mundakako Andra Mari Parrokiakoa 910. urte ingurukoa eta Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen Basilikakoa, 1883. urtekoa .
Erakusketa hilabete amaiera arte, urriaren 30era arte bisitatu daiteke; martitzenetik zapatura bitartean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta domeketan, berriz, 10:00etatik 14:15era.