Eskura daude euskara ikasteko laguntzak Gernikan eta Bemeon
Euskara ikasteko, unibertsitate mailan ikastaroak euskaraz egiteko eta gida baimena euskaraz ateratzeko diru laguntzak emango ditu Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak; udako ikastaroak barne. Hain zuzen, Gernika-Lumon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako...
Gernika-Lumon bi motakoak izango dira laguntzak: ordaindutako matrikularengatik ematen duten diru kopurua, eta asistentziagatik ematen dutena.
Matrikula ordaintzeagatik ikastaroa hasi eta hilabeteko epean eskatu beharko dute laguntza interesa dutenek. Bestalde, asistentziagatik, ikastaroa amaitu eta hurrengo hilabetean egin beharko da diru laguntza eskaera. Kasu guztietan, laguntza %35ekoa izango da, beti ere, asistentzia %75 baino handiagoa bada.
Era berean, zenbait kasutan matrikula doanekoa izango da. Hain zuzen, euskara doan ikasi dezakete langabezian egon eta ikastaroetan %70etik gorako asistentzia dutenek.
Eskaerak behera
Diru laguntzen eskaerek azken urteetan behera egin dutela zehaztu du Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak. 2012 eta 2015 urteak alderatuz, ia erdira jaitsi da eskaera kopurua. Horregatik, kezka azaldu dute, udalerriaren tipologiaren arabera eta aldaera demografikoak kontuan hartuta, euskalduntzeko beharrizana egon badagoela uste baitute. Euskara zerbitzuko arduradunek diotenez, etorri berriak direla eta, erdaldungoak gora egin du. Beraz, euskaltegiekin elkarlanean, informazioa zabaltzeko ohiko zein bide berriak erabiliko dituzte, sare sozialak, kasurako.
Informazio gehiago gura duenak 94-627 02 05 telefonora deitu edo www.gernika-lumo-euskaraz.eus ataria bisitatu dezake.
Gidabaimena euskaraz
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak irailean aurkeztu zituen 2015-2016 ikasturtean edota 2016ko udan euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten herritarrek eska ditzaketen diru laguntzak. Horiek eskatzeko azken eguna urriaren 31 izango da.
Orain, baina, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrek eska ditzaketen diru laguntzen berri eman dute. Eskariak Berhaz bulegoan aurkeztu beharko dira, eta urriaren 31 da horretarako azken eguna.
Eskatzaileek, hain zuzen ere, eskaera orria, nortasun agiriaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, prestakuntza euskaraz jaso izanaren eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko dute Berhaz bulegora.
Laguntzak jasotzeko baldintzak honakoak dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda edukitzea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta udalagaz zorrik ez edukitzea.
Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, aurten, 150 euroko laguntza jasoko dutela jakinarazi dute.