Etxaburuk 'Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak' lana aurkeztu du
Mikel Etxaburu idazle ondarrutarrak Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016) bere hirugarren olerki liburua aurkeztu zuen atzo, Donostiako udal liburutegiko sotoan.Argitalpena, hain zuzen ere, Erein argitaletxeak eta Bilboko Udalak elkarlanean ...
Argitalpena, hain zuzen ere, Erein argitaletxeak eta Bilboko Udalak elkarlanean kaleratu dute. Idazle ondarrutarrak iaz Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko VIII. Poesia Lehiaketako sari nagusia lortu zuen euskal lanen kategorian, eta saritutako lana da orain kaleratutakoa.
Olerki sorta sariketara aurkeztu zen antzera argitaratu bada ere, aldaketarik nabarmenena titulua izan da. Sortak, berez, beste izen bat zuen, Hirian zainetan, baina Etxaburuk hasierako titulua aldatzea eskatu duela azpimarratu du. «Olerki sorta sariketara aurkeztu nuenean, ez nuen uste saria irabaziko nuenik, eta hortaz, ez nuen titulua gehiegirik pentsatu. Lana argitaratu egingo zela jakin nuenean, ostera, zer hobetu bazegoela iruditu zitzaidan, eta argitaletxeari hori aldatzeko proposamena egin nion, eta onartu egin zidaten».
Egunerokotasuna
Poema sortari dagokionez, «bere egunerokotasuna» kontuan hartuta idatzi duela aurreratu du Etxaburuk. «Egunerokotasunak guztiz baldintzatua dago lana, eta zehazki, Bilbon dago kokatuta. Batez ere, Bilboko auzo zehatz batzuk dira bertan agertzen direnak: San Francisco, Bilbo Zaharra, Cortes… horko egunerokotasuna gogora ekarri eta beste batzuen azalean kokatu nahi izan dut. Poesia gauzen edo gertakari sekretuen taupada da. Poemak sentitze horretatik eginak daude, egoera, pertsonen edo gauzen taupada sekretu horiek ulertu nahian».
Era berean, poema liburuagaz irakurleak ariketa bat egitera bultzatu nahi izan du ondarrutarrak. «Irakurleak begiratzetik ikustera pasaraztera gonbidatu nahi izan ditut. Hau da, albokoaren, bestearen edo lagun urkoaren azalean ipintzea nahi izan ditut. Askotan errezagoa da norberak norberanari eutsi, eta ingurukoekin jabetu ordez beste albora begira bizitzea, eta lan honegaz nire ingurune hurbilean gertatzen diren gauza horien inguruan kontzientzia hartzera gonbidatu ditut irakurleak».