Saltokiak argazkien erakusleku bihurtu dituzte
Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek eta Photokoa Argazkilaritza Elkarteak bat egin egin dute, irudien erakusketa baten bitartez herriko saltokiak bultzatzeko. Bezeroen artean argazki onenen aukeraketa bat ere zozkatuko dute.Photokak antolatzen duen biga...
Photokak antolatzen duen bigarren argazki erakusketa honetan, Gernika-Lumoko 31 slaltokitan kokatuko dira denetarik biltzen duten irudiak: New Yorkeko kaleetako irudietatik, eskualdeko hondartzetara. Erakusketa hau Photokak antolatzen duen bigarren argazkigintza astearen ekintzetako bat da.
Parte hartzen duten negozioek atean dute ekimen honekin bat egiten dutela adierazten duen kartela. Argazkiak, erakuleihoetran egongo dira, egilearen datuekin eta argazkiaren izenarekin.
Bezeroen fideltasuna saritzeko, bost argazki zozketatuko dituzte erosketak egiten dituzten herritarrenen artean. Parte hartu nahi dutenek, liburuxka eskatu beharko dute erakusketa hartzen duten establezimendu batean. Ondoren, argazkiak dituzten beste dendetan erosketak egin beharko dituzte, zozketarako beharrezkoak diren sei zigiluak eskuratzeko.
Behin zigiluak lortuta, bezeroek liburuxka bere datuekin batera, gehien gustatu zaien argazkia adierazi beharko dute. Saritua izanez gero, markatutako argazkia egokituko zaio irabazle bakoitzari. Liburuxka, elkartearen bulego aurrean jarriko den postontzian edo Kultur Etxean utzi behar da. Saridunen izenak azaroaren 2an jakinaraziko dituzte.
Maitane Ezkiaga, Eko-Bide dendako merkatariak, jendea kontsumitzen animatu dezakeen ekintza dela uste du, «ekintza honek jendearen arreta erakarri dezake, eta argazkiak egiten dituztenak ezagutzera ere eman ditzake», dio. Duka arropa dendako Iraide Motak iazko argazki bat beraiek saldu zutela gogoratzen du. «Agian ez ditu salmentak baldintzatuko, baina behintzat interesa bai sortuko da bezero batzuengan», azaltzen du.
Argazkigintza astea
Asteburuan, Photoka Lehenengo Argazki Lehiaketaren sariak eman zituzten, Urdaibai eta Gaztelugatxeko biotopoa eta gai libreko kategorietan. lehiaketako argazki finalista guztiak Elai Alai aretoko erakusketa gelan egongo dira ikusgai, urriaren 15a arte.
Hurrengo egunetarako ere zenbait ekintza prestatu dituzte; besteak beste, gaur goizean Ogoño eta Elantxobeko parajeetan ‘Photowalk’ edo argazki ibilaldi bat egingo dute eta hurrengo asteko astelehenean, argizaiola argazki bildumaren erakusketa egingo dute. Urriaren 21ean berriz, Bittor Zabalegik hitzaldia emango du, Norvegiara egindako bidaia kontatzeko eta aurora borealaren argazkigintzaz ere arituko da.