Zazpi hilabete euren etxebizitzetatik kanpora egon ostean, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunak etxera itzuli dira gaur [urriak 7] goizean. Ondarroako Udalak martitzenean [urriak 4] jakinarazi zien bertan bizi diren 24 familiei etxera bueltatzeko aukera izango zutela, eta gaur, gauzak hartu eta euren etxebizitzetara bueltatu dira.
10:00etan puntuan, Zunbeltz Bedialauneta alkateak gaur arte itxita egon den hesia ireki, eta banan-banan atarietako, lokaletako eta garajeetako zigiluak kendu ditu. Bere atzetik, bertan bizi diren hainbat auzotar euren etxebizitzetara bidean sartu dira.
Goizean, gutxi gorabehera, bertan bizi diren erdiak bueltatu dira. Etxera sartu orduko garbiketa lanak egiten ikusi dira auzotarrak. Asko balkoietan ibili dira alboko etxebizitzetako bizilagunekin, pozik berbetan.
San Inazio 48-52ko bizilagunak euren etxebizitzetara bueltatzen, gaur goizean
Auzotarrak pozik bueltatu badira ere, sentipen gazi-gozoagaz bueltatu direla nabarmendu dute. “Berria pozik hartu badugu ere, ez gaitu guztiz bete. Beste 84 familiak ere lehenbailehen euren etxebizitzetara bueltatzea nahi dut. Benetako poztasuna orduan sentituko dut”, azaldu du San Inazio 50 atariko bizilagun batek.
San Inazio 48an bizi den beste bizilagun batek ere, kezka agertu du gai horren inguruan. “Ez da egoera polita norbera etxera sartu eta beste batzuk oraindik sartu ezin direla jakitea. Gure etxeak ondo daude, baine beste etxeek kalte asko jasan dituzte, eta horrek asko luzatuko ditu gauzak”.
Auzotarrek adierazi dutenez, uste baino arinago bueltatu ahal izan dira euren etxebizitzetara
Auzotarrek, euren aldetik, hurrengo egunak etxebizitzak garbitu eta atontzeko aprobetxatuko dituztela adierazi dute. “Gure asmoa etxea garbitu eta hona bueltatzea da, lehenbailehen. Etxetik kanpora egon garen bitartean, Alokabidek lortu zigun etxebizitza baten egon gara bizitzen, Markina-Xemeinen. Egunotan han ditugun gauza guztiak ekarri, eta ea astelehenean edo martitzenean bueltan gauden”, adierazi du San Inazio 52ko bizilagun batek.
Era berean, uste baino arinago bueltatu direla adierazi dute auzotarrek. Berriak, egia esan, ezustean harrapatu ditu asko. Hasiera batean Gabonetan bueltatzea espero bazuten ere, hilabete eta erdi arinago bueltatu dira. “Azken zazpi hilabeteotan hiru aldiz tokiz aldatzea tokatu zaigu, eta toki berrira ohitzen ari ginenean, egun batetik bestera etxera bueltatzeko baimena eman digute, ezustean”, agertu du San Inazio 48ko bizilagun batek.
Zunbeltz Bedialauneta San Inazio 52 atariko zigilua kentzen
Alkatea, pozik. Herritarrak euren etxebizitzetara sartu direla ikustean pozik agertu da Zunbeltz Bedialauneta. “Mendiari zati handi bat kendu diogu, eta Iturribarriko aldean segurtasuna bermatzen dela ikusiaz, San Inazio 48, 50 eta 52 atarikoak etxera bueltatu daitezkeela erabaki dugu”.
Udal gobernuarentzat berria pozgarria bada ere, beste 84 familiak euren etxeetara ezin direla bueltatu gogorarazi du. “Ea lanek orain arteko martxan jarraitzen dute. Gure kezka konponketek zelan egingo dute aurrera ikustea da. Mendiko lanak amaitu eta jarraian etxeen konponketekin hasi beharko garela aurreikusten dugu, ea lan horiek ere ahalik -eta azkarren lotzen diren”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.