Tresna eta metodo berriak barneratzen
Ehunka herritarrek atera dute profesionalei zuzendutako produktu fotosanitarioak eskuratu ahal izateko txartela. Baserritarrentzat ez da derrigorra, baina orain arte erabiltzen zituzten produktuak erosteko, txartela atera dute askok.Produktu fitosanita...
Ehunka herritarrek atera dute profesionalei zuzendutako produktu fotosanitarioak eskuratu ahal izateko txartela. Baserritarrentzat ez da derrigorra, baina orain arte erabiltzen zituzten produktuak erosteko, txartela atera dute askok.
Produktu fitosanitarioen inguruko europar legediak nahasmena eragin du azken urteetan bertoko baserritarren artean. Ortuetan izurriteak saihesteko orain arte erabilitako produktuak profesionalek eskuratu ditzakete, eta baserrietako ekoizpen txikietarako beste produktu batzuk saltzen dituzte orain.Belaunaldiz belaunaldi bertoko baserritarrek erabilitako pestitzidak erosi ezin izanakprofesionalen txartela ateratzera eraman ditu bertoko ehunka he- rritar.
Abuztuan eta irailean Barrutia institutuko Lanbide Heziketako eraikinean eman dute horiei buruzko ikastaroa. Plentziako Gestion Integral Denbo enpresako kideen eskutik, 250 baserritar inguruk 25 orduko ikastaroa jaso dute, sei taldetan banatuta.
Aurrerantzean ere ikastaroak ematen jarraituko dute, baina oraindik ez dute egutegia zehaztu. Gernika-Lumoko San Isidro kooperatiban eman behar da izena, eta zerrendak osatu ahala antolatuko dituzte. 50 euro ordaindu behar dira, eta karnetak 10 urteko iraupena izango du.
Ana Arrizubieta ispastertarrak aurreko astean egin zuen ikastaroa. «Ikasi egin dugu; beste kontu bat izango da barneratutakoa aplikatzen dugun ala ez». Dioenez, batzuek karneta eskuratu eta haiek gura dutena erosteko aukera izateko bakarrik egin dute ikastaroa.
«Zenbat kantitate bota, etiketak irakurtzen ikasi, zelan garbitu… Gauza asko dira baliogarriak, baina beste batzuk ekoizpen handiak dituztenei zuzen- dutakoak dira», zehaztu du Arrizubietak.
Alde handia prezioetan
Maria Bas ikastaroen arduradunak azaldu duenez, beren ekoizpenak saltzetik bizi diren profesionalentzat da txartela.
Baina batzuek, hori jakinda ere, produktuen prezioetan dagoen aldeagatik erabakitzen dute txartela ateratzea.
Txartelagaz erosten diren profesionalentzako produktuek %10eko BEZa dute. Profesionalak ez direnei, berriz, %21 ezartzen diete.
Baserritarren artean nahasmena eragin du, eta ardura horren edota kezka izan dute askok. «Derrigor behar genuela pentsatzen genuen. Karnetik barik ez zizkigutela salduko zabaldu zen, baina hemen esan digute ikastaroan parte hartu dugun gehienok ez gaudela karneta ateratzera derrigortuta», azaldu du Arrizubietak.
Ispastertarrak barikuan egin zuen azterketa, eta egindakoagaz gustura dago, gainditzeko esperantzagaz: «Test bat da, baten batean huts egingo nuen, baina erraza da». Astean entzundakoagaz erraz egiten dela dio.
Askotariko ikasleek parte hartzen dute saioetan, eta haien arabera egokitzen dituzte.
Ohituta ez daudenentzat zenbait berba edo esaldi nahasgarriak izan daitezkeela dio ikasgaroak eman dituen Luis Cebrianek. Horiei galderak modu ulergarrian eginda laguntzen dietetela dio.
Araudia, 2013tik indarrean
Produktu Fitosanitarioen Erabilera Iraunkorraren 1311/2012 Errege Dekretua 2013ko urtarrilaren 1etik dago indarrean. Ingurumena eta ekoizleen zein kontsumitzaileen osasuna babesteko helburua du arauak.
Legea indarrean zegoenean, Eusko Jaurlaritzaren menpeko HAZI erakundeak profesionalentzako ikastaroak antolatu zituen. Baina baserritarrek orain arte ez dute horretarako aukerarik izan. «Alde batetik, HAZIkoek esan ziguten ea profesionalak ez direnen heziketa guregain hartu genezakeen. Eta, beste alde batetik, kooperatiba askok jo du guregana bezeroak galtzeko beldurrez», adierazi du Basek.
Kontsumitzaileengana zein ingurumenera produktu fitosanitarioen arrastoak ez heltzea da araudi berriaren asmoa. Adibidez, horiekin errekak ez kutsatzeko.
Legea oinarri hartuta, produktu fotosanitarioak neurrian erabiltzeko aholkatzen dute ikastaroetan, eta substantzia kimikoak ez erabiltzeko, beste metodo batzuk azaltzen dituzte, produktu biologikoekin egitekoak, esaterako. Halaber, izurriteak ekiditeko zelako tranpak edota trikimailuak erabili ditzaketen ere erakusten dute.
Basen berbetan, izurriteak identifikatzeko metodoak erakusten dituzte: «Dauden tratamendu alternatiboak azaltzen ditugu, jendeak fitosanitarioak ez erabiltzeko. Gai toxiko gutxien daukaten produktuekin lan egin dezaten irakasten saiatzen gara». Era berean, produktuen etiketetan dakarrenari kasu egitearen garrantzia azpimarratzen diete baserritarrei.
Basek dioenez, etiketetan dator «errezeta», eta hori zehatzmehatz bete behar da: noiz, zelan eta zenbat bota; zenbat denbora itxaron behar duten ekoiz- tutakoa batzeko… Izan ere, erabilera okerragaz izurriteak mantentzea eragiten dute. «Antibiotikoekin gertatzen dena da; kaxa osoa hartu beharrean, ondo sentitutakoan hartzeari uzten badiozu, handik egun batzuetara mina daukazu, infekzioa ez delako osatu». Produktu horiekin antzekoa gertatzen dela zehaztu du, landatutako eremuan izurriteen «erresistentzia» gertatzen delako.
Ikastaroko gauza asko ondo ezagutzen dituzte bertoko baserritarrek, baina bestelako informazioagaz harrituta geratu direla aitortu izan diote Cebriani: «Esan didatenez, ez zekiten produktuak hain txarto erabiltzen zituztela, eta aurrerantzean hobeto egingo dutela. Lehen egunean behartuta sentitzen dira, baina azken egunean pozik eta edukiak barneratuta doaz. Asko ikasten dute, baita guk ere haiekin».
Dioenez, ikastaroan parte hartzen dutenen %99,9 gauzak ondo egin behar dituztenaren kontzientzia hartuta doa: «Ondo egiten zutela pentsatuta, malizia barik jardun dute orain arte. Garrantzitsuena da hemendik aurrera gauzak ondo egitea».