Urtebeterako akordioa lortu dute Pello Bilbaok eta Astanak
Pello Bilbao Astana taldeagaz lehiatuko da hurrengo denboraldian. Urtebeteko akordioa sinatu dute. Txirrindulari taldeak herenegun kaleratutako oharrean egin zuen ofizial fitxaketa.Gernikarra etapa berriari ekiteko «ilusioz eta gogotsu» dago: «Nire ...
Gernikarra etapa berriari ekiteko «ilusioz eta gogotsu» dago: «Nire helburua hori zen, eta bete dudanez pozik nago».
Orain duen oporraldia atseden hartzeko aprobetxatuko du. Izan ere, azaroaren amaieran du Astanagaz lehen kontzentrazioa, Italian.
Aurtengo denboraldian Caja Rural taldeagaz egindako lana giltzarria izan dela dio. «Aurtengo denboraldiaren balorazioa oso positiboa da. Emaitza aldetik, agian, ez ditut nik espero nituen emaitzak lortu. Baina nire errendimenduagaz eta denboraldian erakutsitako erregulartasunagaz gustura geratu naiz. Eta uste dut Astanak horregatik egin didala eskaintza».
Alexander Vinokourov Astanako managerrak taldearen web orrialdean azaldu duenez, «aspalditik» zebiltzan txirrindulari gernikarraren atzetik, eta gertutik jarraitu dute haren ibilbidea. Fabio Aruri laguntzeko egokia dela deritzo taldeak. «Txirrindulari gaztea eta dinamikoa da. Espero dugu proba batzuk irabaztea, Euskal Herrian, esaterako».