Ikusgarria eta bizi-bizia
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia ospatu zen zapatuan, Markina-Xemeinen. Eskualdeko abeltzainek eta ekoizleek herritarren eskura jarri dituzte beraien produkturik onenak.Udaletxe atzeko aparkalekua, Zelaia, Goiko Portala eta frontoi inguruak animaliaz...
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia ospatu zen zapatuan, Markina-Xemeinen. Eskualdeko abeltzainek eta ekoizleek herritarren eskura jarri dituzte beraien produkturik onenak.
Udaletxe atzeko aparkalekua, Zelaia, Goiko Portala eta frontoi inguruak animaliaz, baserritarrez, ekoizlez eta bisitariz bete ziren zapatuan. Goizean goizetik txukundu zituzten postuak eta animaliak ekoizle eta abeltzainek, eta eguerdirako, inguru guztietako herritarrekin beteta zegoen eskualdeko azokarik garrantzitsuena.Alde batetik, eskualdeko abeltzainen 230 ganadu buru ikus zitezkeen udaletxe osteko aparkalekuan, 58 postu, bestetik, Zelaiaren bueltan; Plazabarripean, ostera, baserriko tresneria, eta azoka eremu horri guztiari giroa jartzen, Markina-Xemeingo Musika Eskolako trikitilariak eta Etxahun Lekue eta Amaia Agirre bertsolariak.
Ikusmina eragin zuen bai eta ere, lehen aldiz Urriko Azoka Nagusian lehiatu zen Euskal Herriko III. Biga Blonda Txapelketak. Hogei parte hartzaile eta 68 buru egon ziren lehian, zazpi ataletan banatuta.
Lehen atalaren irabazlea Ives Irigoenen (Bastida, Behe Nafarroa) Madeleine izan zen; bigarren atalaren irabazlea Olivier Auzkiren Limphe (Beaskane, Behe Nafarroa); hirugarren atala Jean Vicent Garaten Lune-k irabazi zuen (Bastida, Behe Nafarroa); hauxe izan da, hain zuzen ere, biga txapeldunen txapelduna, «prototipo bikaina eta etorkizunekoa izateagatik»; laugarren atala Luzia Orbegozoren Lara-k irabazi zuen (Eizmendi, Azpeitia); bosgarren atala Iturbe anaien Laka-k (Arrieta, Bizkaia). Luzia Orbegozo nagusitu zen seigarren atalean ere Julia bigagaz; zazpigarren eta azken atalaren irabazlea J. Philippe Etcheberri izan zen, Juanita-gaz.
Grupa onenaren saria Markina-Xemeinen geratu zen. Ismael Arriolak irabazi zuen (Barinaga). Amaitzeko, herrialde irabazlea Gipuzkoa izan zen Behe Nafarroa, Bizkaia eta Lapurdi/Zuberoa sailkatu ziren ostean.
Lanaren fruitua
Bestalde, Arkupe aurrean, Idiazabalgo gazta, baserriko ogia, sagardoa eta txakolinaren dastaketa egin zuten. Jesus Oleaga, Iñaki Suarez eta Aitor Intxaurraga egon ziren epaimahaian.
Idiazabalgo gazta irabazlea Igor Txurrukarena izan zen (Barroeta gazta, Markina-Xemein); 2. eta 3. saria Santamañe elkarteak (Santamañe gazta, Markina-Xemein) eta Eñaut Gallastegik (Onandi gazta, Mallabia) jaso zuten, hurrenez hurren. Ogi irabazlea, berriz, Lurdes Malaxetxebarriarena izan zen (Labegur, Berriatua), eta Luis Mari Osa (Mañeko Azpi, Mallabia) eta Arantza Astigarraga (Arentza baserria, Etxebarria) izan ziren bigarrena eta hirugarrena. Lorea Lejardiren (Meabe, Markina-Xemein) ogia izan zen laugarren sailkatua.
Urriko Azoka Nagusia aldarrikapenerako hitzordua ere izan zen. Ibon Iparragirre ondarrutarraren eta gaixorik dauden gainerako presoen etxeratzea eskatu zuten, eta Valenceko (Frantzia) espetxean preso dauden Ibon Goieaskoetxea eta Alex Zobaran presoek jasaten duten espetxe politika aldatzeko. Amnistia eskaria zabaldu zen Markina-Xemeingo kaleetan.