Boiseko jaia hurreratu dute Ibarruriko dantzari egunean
Boiseko jaialdia eta Ameriketara joandako artzainen bizimodua izan zen domekan ospatu zen Ibarruriko dantzari egunaren gaia. Horretarako, herriko bi gizonek Ameriketara egindako bidaia irudikatu zuten. Hegazkinean egindako bidaia, ardiak zaintzen mendi...
Aurretik, ohiturari eutsiz, umeen danborradagaz hasi zuten eguna. Danbor hotsen ondoren, kalejiran joan ziren elizatik frontoiraino. Frontoira helduta, herritarrak hamaiketakoan batu ziren. Gero, Aritz Oregi eta Beñat Lekue aizkolari larrabetzuarren erakustaldiagaz hasi zuten eguerdiko ekitaldi nagusia.
Herriko koruaren doinuek eta bertoko, Erandioko eta Bilboko dantzarien emanaldiekin osatu zuten Boiseko jaialdia. Dantzatzeaz gain, sokatira erakustaldia burutu zuten dantzariek, bertaratutakoen barre artean.
Ekitaldia amaituta, Saltsamendi elkartearen aurrean bazkaldu zuten 175 pertsona inguruk. Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek izan zuten bazkalostea girotzeko ardura.
Eguna borobiltzeko, EinGO Kantan eta Dantzan erromeriagaz dantzatu zuten ume, gazte zein nagusiek, frontoian. Halaber, betiko moduan, txokolatea hartuz amaitu zuten eguna.
Baso Txoritxu Dantza Taldeko kideek egun guztian izandako giro ederra nabarmendu dute: «Dena ondo atera zen, eguraldiak ere lagundu digu, eta jendea oso gustura egon zen. Askok esan digute urtetik urtera hobeto egiten dugula, eta Boiseko jaialdiagaz asmatu dugula».