Elantxobeko Udalak lokal bat egokituko du herriko gazteentzat
Gaur egungo ludotekaren eraikina atonduko dute. Lanak abenduan hasi eta amaitzea espero dute, datorren urte hasierarako gazteek erabiltzeko moduan egotekoElantxobeko Udalak gaur egungo ludotekaren eraikina egokituko du herriko gazteak elkarregaz egotek...
Gaur egungo ludotekaren eraikina atonduko dute. Lanak abenduan hasi eta amaitzea espero dute, datorren urte hasierarako gazteek erabiltzeko moduan egoteko
Elantxobeko Udalak gaur egungo ludotekaren eraikina egokituko du herriko gazteak elkarregaz egoteko. Hain zuzen ere, hauteskunde programan hitz emandakoa betez eta herriko gazteen eskariari erantzunez egingo dute Gaztelekua.Horrela, aisialdi jarduerak garatzeko eta harreman sozialak zein elkarbizitza sustatzeko aukera izango dute bertan.
«Gazteek euren tokia behar dute, eta hori eskatuz hurreratu dira behin baino gehiagotan guregana. Herriko ludoteka oso gutxi erabiltzen da, gero eta gutxiago. Urtean hiruzpalau bider bakarrik aprobetxatzen dugu, eta horregatik, Gaztelekua bertan egotea erabaki dugu», azaldu du Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkateak.
Izan ere, ludotekaren antzeko erabilera anitzeko gela bat daukate, eta bertan edota Gorgonio Renteria Kultur Etxean egin ditzakete ludotekan egin daitezkeen ekintzak.
Olagibelek zehaztu duenez, gazteek haien aisialdiko aktibitateak «pribatutasunez, askatasunez eta errespetuz» garatu ahal izateko, gune sozial baten eskaerari eta herriko gazteen aisialdia «berraktibatzeko beharrizanari» erantzuteko konpromisoa hartu du udalak.
Erabilera egokia egitearen ardura gazteek edukiko dute, baina proiektuaren barne udal erabilpen araudia moldatuko dute, aurreikusitako erabilpen berrien arabera.
Gutxieneko arauak
«Erabilpenaren inguruko araudia egingo dugu, bete beharreko gutxieneko baldintzak edota arauak zehaztuz, ordutegiari dagozkionak, esate baterako».
12 urtetik 30 urte bitarteko herriko gazteentzat izango da Gaztelekua. Lanak abenduan hasi eta amaitzea espero dute, eta, beraz, datorren urte hasierarako gazteentzat prest egotea gura dute.
Ludotekaren instalazioak berregituratu eta berrituko dituzte. Estalkia garbitu eta irazgaiztuko dute, eta hezetasun arazoak konponduko dituzte. Halaber, berogailu sistema berria jarri, hormak margotu eta beharrezko altzairuekin egokituko dute Gaz- telekua.
Horregaz batera, dagozkion altzairuekin atondutako erabilpen anitzerako terraza bat ere edukiko du lokalak, eta terrazarako sarbide berri bat egingo dute.
12.241,47 euro bideratuko dituzte Gaztelekua atontzera, eta Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatu diete. Jaurlaritzarengandik jasoko duten diru kopuru zehatza ez dakite oraindik, baina, gehienez ere, lanen kostuaren %70 jaso dezakete %30 Elantxobeko Udalak jarriko luke.