Mutrikuko pala txapelketa hastear da. Hain zuzen ere, lehen jardunaldiko lehen partidak asteburuan jokatuko direla jakitera eman dute Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek, eta ohi modura,
txapelketa bi mailatan banatuta jokatuko da. 1. mailan hamar bikotek eman dute izena, eta 2. mailan, aldiz, bederatzi bikotek.
Parte hartuko duten bikote gehienak mutrikuarrak baldin badira ere,
inguruko herrietatik hainbat parte hartzaile egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. “Ondarroa, Zumaia, Aizarnazabal, Eibar eta Soraluze moduko herrietako bikoteek parte hartuko dute txapelketan”.
Bihar [urriak 15], 09:00etatik aurrera, bost partida jokatuko dira Miruaitz frontoian, eta etzi [urriak 16], berriz, beste bi partida jokatuko dira 09:00etatik aurrera. Lehen jardunaldia amaitzeko azken lau partidak datorren eguaztenean [urriak 19] jokatuko dira, 19:15etik aurrera.
Mutrikuko pala txapelketa. Argazkia: Danok Bat
Gipuzkoako txapelketa. Mutrikuko pala txapelketaz gain, Gipuzkoako txapelketako norgehiagokak ere jokatuko dira datozen egunotan Miruaitzen. Danok Bateko Igor Elezgaraik eta Xabi Garaldek nagusien 1.mailako partida jokatuko duteĀ gaur [urriak 14], 21:30etik aurrera, Real Sociedadeko bikotearen aurka .
Palaz ez eze, zesta-puntako Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute Danok Batekoek. Gazte mailako Aitor Manzisidorrek eta Jon Iparragirrek gaur [urriak 14], 20:30ean jokatuko dute partida Miruiatzen, Kostakoak taldearen aurka. Domekan [urriak 16], aldiz, Nagusien 2.mailako zesta-punta partida jokatuko dute Mikel Manzisidorrek eta Ekaitz Mendizabalek osatutako bikoteak Zumaiaren aurka, 12:00etan.
Gipuzkoako txapelketaz gain,
Udazken txapelketa ere jokatuko dute Danok Bateko puntistek. Alebin eta txiki mailako partidak jokatuko dira bihar [urriak 15], 16:30etik aurrera, Miruaitzen. Kiniela eran jokatuko dituzte partidak, eta aurreratu dutenez, zozketa bidez osatuko dira bikoteak.