Eguraldi ona lagun, jende askok egin du gaur [urriak 15] Aulestiko XI. Ermitarik ermita mendi martxa. Antolatzaileek jakitera eman dutenez,
parte hartze maila altua egon da aurten ere: 739 lagunek parte hartu dute. “Oso gustura eta pozik gaude. Denbora ederra egin du, eta antolaketa aldetik, behar asko egin ondoren, asebeteta geratu gara”.
Parte hartzaile
gehienak eskualdekoak izan badira ere, urrutiagotik etorri direnek ere parte hartu dute martxan. “Busturialdetik ere nahikoa jende etorri da, eta baita Gipuzkoatik ere; Eibar edo Elgoibar moduko herrietatik”.
Parte hartzaileek aukeran izan dituzten hiru ibilbideetan Aulesti inguratzen duten
paraje ederretatik ibiltzeko aukera paregabea izan dute. Irtetzen lehenak ibilbide luzean zein berezian parte hartu dutenak izan dira. 08:00etan irten dute herriko plazatik.
Ibilaldi motzean parte hartu dutenak, parke ondotik ateratzen
Parte hartzaile gehienek
25 kilometroko ibilbidean parte hartu dute, eta berau egin dutenek San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, eta Narea auzoetatik barrena ibili dira. Mendi martxetan ibiltzera ohituagoak daudenek, berriz, 31 kilometroko ibilbide berezia egin dute, Ilunzarreraino. Tartean, herria ingururatzen duten 11 ermiten inguruetatik igaro dira ibiltariak.
31 kilometroko ibilbide berezia, hain zuzen ere, aurten egin da estreinako eta bertan nahikoa jendek parte hartu duela ikusita, datorren urtean ere esperientzia errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. “Ibilbide gogorra da, eta bertan parte hartu dutenak oso ondo prestaturiko mendizaleak izan dira. Denak ere oso pozik ikusi ditugu”.
10 kilometroko ibilbide laburrean parte hartu dutenek, ostera, 10:30ean irten dute parketik. Bertan parte hartu duten gehienak gazteak eta umedun familiak izan dira, eta horiek, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea auzoetatik ibili dira.
Hiru ibilbideetan parte hartu duten gehienek
13:30-14:00ak bueltan amaitu dituzte martxak, eta guztiak plazan elkartu dira, giro ezinhobean. Bertan eztarriak busti eta urdailak asetzeko aukera izan dute kopauan.